Itxi

Euskadi Irratia

CIC nanoGuneko zuzendaria, Txema Pitarte gaur 'Mezularia' saioan

Bihar Iñigo Lamarca Arartekoa elkarrizketatuko du Maite Artolak 'Faktoria' saioan, 09:30ean. Ondoren, ludopatiaren gorakadaz eta Ogiaren Nazioarteko egunaz hitz egingo dugu Euskadi Irratian.

Gaur, asteazkena, 16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, emakume pilotariekin hitz egingo dute. Eta, 17:00etan, zeliako, diabetiko eta dietista batekin tertulia egingo dute. Euren kuadrillako bazkariak nolakoak diren galdetuko diete.

18:00etan, Ainhoa Etxebestek zuzentzen duen 'Mezularia' saioan, eguneko ahotsen errepasoa egin ondoren, Txema Pitarte CIC nanoGUNEko zuzendariarekin hitz egingo dute nanomedikuntzaren etorkizunari buruz. Bihar eta etzi Donostian 120 aditu elkartuko dituen kongresua hasiko da. Ondoren, 0 Pobrezia taldeko kideekin hitz egingo dute. 'Ez lapurtu gure energia' lelopean antolatu dute pobreziaren kontrako astea aurten, eta antolatu dituzten ekimenak azalduko dituzte. Made in Basque Country atalean, Jon Muñoa eta Ainhoa Larrañagari, 4.0 Lantegi Adimenduez iritzia eskatuko diegu, eta ezin ahaztu Kataluniako egoera.

20:00etatik aurrera, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' programan, Xabier Erkizia izango dute beste behin ere Entzule perfektuaren bila. Bestalde, Hasier Larretxea idazleak Larre motzetik liburua aurkeztuko du, eta Mertxe Ezeizak Koldo Mitxelenan ikusgai den 'Irakurtzea, plazerra eta eskubidea' erakusketara egindako bisita entzun ahalko dugu.

Bihar, osteguna, Maite Artolak zuzentzen duen 'Faktoria' saioan, Iñigo Lamarca arartekoa elkarrizketatuko dute 09:30ean. 10 urte egin ditu karguan, legeak baimentzen duen gehieneko aldia. Egindako lanaren balorazioa eta analisia izango dituzte hizpide. Halaber, asteazkenean Tolosan egingo den Lasa eta Zabala filmaren pase semi-pribatuan egongo da Euskadi Irratia, eta bertan bizitakoa entzuteko aukera izango dugu 08:30ean.

10:00etan, Manu Etxezortuk zuzentzen duen 'Faktoria' magazineko lantaldeak hartuko du lekua Euskadi Irratian. 10:30ean ludopatiaren goraka izango dute aztergai Jabi Landa Ekintza Aluviz elkarteko terapeutarekin, eta, eguerdian, Ogiaren Nazioarteko Egunaz hitz egingo dute Sergio Alvarez Bilboko Labeko okindegikoarekin eta Andoni Munduate Donostiako The Loaf okindegikoarekin.

16:00etan 'Hiri Gorrian' saioaren tartea zabalduko da. Lehen orduan, "Zer da normala izatea?" galdetuko diote Markos Zapiani. Horren ostean, atentzioa eman diguten Twiterreko aurkezpen lerroen atzean dauden lagunekin hitz egingo dute. Bigarren orduan, pisukideen tertulia izango dute, eta Txilen bizi den Josune Azurmendirekin hitz egingo dute.

'Mezularia' saioan, egunak emaniko albiste nagusiak sakonago aztertuko dituzte, eta, 18:30etik aurrera, gazteen tertulia egingo dute EGK-ko Itxaso Anduezarekin, ENHEko Garikoitz Nazabalekin eta Ander Rozasekin.

Eta, 20:00etan, 'Arratsean' saioan, Iñaki Ziarrustak Arren gabara eta emeen sotoa antzezlanaz hitz egingo digu. Markos Unzetak Seinalea diskoa aurkeztuko digu eta Begoña del Tesok aste honetan estreinatuko diren pelikula batzuen berri emango digu.