Itxi

Euskadi Irratia

Stop kaleratzeak taldeko Xabier Soto, gaur 'Mezularia'n, 18:00etan

Bihar, Kontsumobideko zuzendaria, Elena Unzueta, elkarrizketatuko dute 10:30ean.

Irudirik gabe

Gaur, asteartea, 16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Nagore Aranburu aktorearen denda bisitatuko dute eta MTN marka ere ezagutuko dute. Bigarren orduan, fanzinean, Iruñeko, Baionako eta Bilboko berri emango dute, eta, tarte honen barruan, itsasoko zaborra birziklatuta eserleku bat egin duen bikotea ezagutuko dute.

18:00etan, Ainhoa Etxebestek zuzentzen duen 'Mezularia' saioan, Stop kaleratzeak taldeko Xabier Soto hartuko dute; abal emaileen alde elkarretaratzea egin dute gaur. Gero, Nora Esnaola eta Ivan Santamariarekin, aktualitateko gaiak errepasatuko dituzte: Oscar Pictorius, Parot doktrina edo B txartelak, esaterako.

Bihar, asteazkena, Maite Artolak zuzentzen duen 'Faktoria' saioan, lan-gatazka gogorrak izan dituzten hainbat enpresatan (Koxka, Arcelor, Incoeza eta Laminacnes Arregi) gaur egun duten egoeraren gaineko erreportajea eskainiko dute 09:00etan. Eta Corrugados Azpeitian lan egin eta enpresa itxi ostean Soriara bizitzera joan den pertsona bat elkarrizketatuko du Maite Artolak.

10:00etan, Manu Etxezortuk zuzentzen duen 'Faktoria' magazineko lantaldeak hartuko du lekua Euskadi Irratian. 10:30ean, Kontsumobideko zuzendariarekin, Elena Unzuetarekin, hitz egingo dute Kontsumobide banka produktuei buruzko aholkularitza zerbitzua eskaintzen hasi dela eta. Ondoren, Skunk Funk etxeko zuzendariarekin, Mikel Feijoorekin, hitz egingo dute; euskal modaren negozio-eredu aintzindaria izan da Skunk Funk marka. 12:00etan, Durangoko Azokako aurtengo kartela diseinatu duen Marta Cardenas artistak bere lanaren nondik norakoak azalduko ditu.

16:00etan, 'Hiri Gorrian' saioaren tartea zabalduko da. Lehen orduan, Joxe Mari Barriola Ibarrako harakinak bere harategia garden bihurtu nahi duela kontatuko die. Eta arkua eta geziak baliatuz ehizan aritzen diren lagunekin hitz egingo dute bigarren orduan.

'Mezularia' saioan, egunak emaniko albiste nagusiak sakonago aztertuko dituzte, eta, 18:30etik aurrera, tertuliako ateak zabalduko dituzte Jon Muñoa eta Ainhoa Larrañagarekin.

20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Xabier Erkizia entzule perfektuaren bila arituko da, eta Asier Mendizabalekin Bilbon erakusgai duen 'Toma de tierra' erakusketa ikustera joango dira.