Itxi

Euskadi Irratia

Josu Ibargutxi Goldatuz taldeko kidea gaur 'Mezularia'n

Argentinako Fiskaltzak Frankismoko 15 kargudun inputatzeko erabakia aztertuko dute Josu Ibargutxirekin 18:00etatik aurrera 'Mezularia'n. Bihar, Harkaitz Cano hartuko dute 'Faktoria'n, 09:00etan.

Gaur, osteguna, 16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Horman poster proiektu artistikoa ezagutuko dute. Eta bigarren orduan, pisukideen tertulia izango dute.

18:00etan, 'Mezularia' saioan, Beatriz Zabaletak zuzenduta, Josu Ibargutxi Goldatuz elkarteko kidea elkarrizketatuko dute. Argentinako Fiskaltzak Frankismo garaiko 15 goi-kargudun inputatzea erabaki izanaz hitz egingo dute horrekin.

20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioa poetaz beteko zaigu. 3 poetak zabaldu dute saioa: Koldo Izagirre, Anjel Erro eta Josu Landa. Euskal kulturaren tranmisioari buruzko graduondoaren lehen saioan ikasitakoak ere programan izango dituzte: Jon Sarasua, Joxe Mari Agirretxe, Asier Sota, David Egizabal eta Maider Oiartzabal. Eta programa amaitzeko, Begoña del Tesok, zinema-aretoetan ikus daitezkeen film esanguratsuenak zeintzuk diren esango digu.

Bihar, ostirala, 07:00etatik 13:00etara zabalduko ditu Euskadi Irratiko ateak 'Faktoria'k. Maite Artolak zuzentzen duen 'Faktoria' albistegian Jesus Arregi Fisikan doktorearekin hitz egingo dute 08:30ean Mars One proiektuaz, eta, ondoren, Harkaitz Cano idazlea elkarrizketatuko dute.

10:00etan, Manu Etxezortuk zuzentzen duen 'Faktoria' magazineko lantaldeak hartuko du lekua Euskadi Irratian. 10:30ean, Lekeitioko Txipiroi Jardunaldiak izango dituzte hizpide, eta Xabier Gabiola Udaleko Garapen teknikariarekin, Oscar Bilbao Goitiko jatetxeko jabearekin eta Beitia Berri jatetxeko arduradunarekin hitz egingo dute. 11:30etik aurrera, Haititik itzuli berri den Ane San Jose diseinatzailearekin hitz egingo dute. Haitiko eskola-uniformeak diseinatzen ibili da.

20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Ander Odriozola Bingen film luzearen zuzendari, gidoilari eta ekoizlearekin hitz egingo dute, abenduan estreinatuko baitute. Eta, bukatu aurretik, Beñat Urretabizkaia dantzari eta koreografoarekin asteburuan estreinatuko duten Pereza ikuskizunaz arituko dira.