Euskadi Irratia
Patxi Zabaleta, Aralarko koordinatzaile nagusia, bihar 'Faktoria'n
Maite Artolak elkarrizketatuko du Zabaleta 9:00etan 'Faktoria'n. Babcock eraikinaren gaineko erreportaje bat eskainiko dute 10:30ean, eta, ostirala izanda, zinemazaleentzako gomendioak jasoko dituzte.
Gaur, osteguna, 16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Unclose taldekoekin hitz egingo dute; Split77 taldetik sortutako taldeak Bilboloopen egin behar du debuta laster. Bigarren orduan, pisukideen tertulia izango dute Felix, Zigor eta Ane Mirenekin.
20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Lurra taldearen Akatsa sisteman diskoaz hitz egingo dute Iñigo Muguruza eta Ane Garciarekin. Ondoren, Jose Luis Goenagak Biarritzen duen erakusketara egin duten bisita eskainiko dute, eta, programa amaitzeko, Begoña del Tesok zineman zer ezin dugun galdu esango digu.
Bihar, ostirala, 07:00etatik 13:00etara zabalduko ditu Euskadi Irratiko ateak 'Faktoria' saioak. Maite Artolak zuzentzen duen 'Faktoria' albistegian, Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusia elkarrizketatuko dute o9:00etan, eta alkateen tertulia izango dute jarraian, Julen Mendoza eta Eneko Anduezarekin.
Jarraian, Manu Etxezortuk zuzentzen duen 'Faktoria' magazineko lantaldeak hartuko du lekua Euskadi Irratian. Orioko Kilometroetako koordinatzailearekin hitz egingo dute. 2014ko Kilometroetako zozketaren irabazlea ez da agertu, eta zer egingo duten argituko digu. 10:30etik aurrera, Sestao eta Barakaldo arteko Babcock Wilcox enpresako eraikinaren gaineko erreportaje bat eskainiko dute. Bigarren eskuko arroparen erakargarritasunaz ere hitz egingo dute bihar; Ainara Martin gonbidatu dute Zar proiektuaz hitz egiteko. Eta, ostirala izanda, zinemazaleentzako gomendioak jasoko dituzte Lekeitioko Zinemazale elkarteko David Madarietaren eskutik.
16:00etan zabalduko ditu ateak Xabi Larrazabalek eta Maider Segurolak zuzentzen duten 'Hiri Gorrian' saioak. Lehen orduan, Djibutin bizi den Julen Basagoitirekin hitz egingo dute, eta, bigarren orduan, tertulia biralean transmediaz hitz egingo dute.
20:00etan, Arantxa Iturbek zuzentzen duen 'Arratsean' saioan, Maialen Errotabehere kantariak Biluzik diskoa aurkeztuko du, eta Arkimedesen printzipioa antzezlaneko Tesa Andonegi, Aitor Fernandino eta Xabi Oruzar aktoreak ere programan egongo dira.