Itxi

Bertsolaritza

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren jarraipen zabala, EiTBko irratietan

EiTB

Gaztean bertsoekin jolasean arituko dira, Radio Euskadin Bertso eskola zabalduko dute eta Euskadi Irratian whatsapp bidezko kopla lehiaketa jarriko dute abian duela lau urte bezala.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera doa bere egutegiarekin. Kanporaketen lehen fasea amaituta, gero eta ikusmin handiagoa sortzen du bertsolarien arteko norgehiagokak. Orain arte EiTBko irratietan ere eman izan da kanporaketa horien berri, baina aurrerantzean tarte zabalagoa izango du txapelketak irrati desberdinetan.

Urriaren 28an, igandez, jokatuko da lehen finalerdia Bastidan. Eta biharamunean, 'Hitza Jolas' saioaren emanaldi berezia izango da, iluntzeko 21:00etan. Izan ere, aurrerantzean, bi hitzordu izango ditu astero entzuleak Euskadi Irratiak bertsolaritzari eskaintzen dion tartearekin. Ohikoa, igandeetan izango da, orain arte bezala, 14:00etan. Baina txapelketak irauten duen bitartean, astelehenero, 21:00etan, 'Hitza Jolas' saioaren edizio berezi bat izango da, asteburuko saioen errepaso patxadatsua egin ahal izateko.

Txapelketa sare sozialetan

Euskadi Irratiko Xabier Sukia kazetari eta bertsolaria izango da Euskadi Irratiko entzuleei bertsolari txapelketaren gaineko kontu guztiak gerturatzeaz arduratuko dena. Aritua eta aditua da Sukia. 'Hitza Jolas' saioaren arduradunak saio bakoitzaren azterketa egingo du irratiaren web orrialdean eta sare sozialen bidez ikusi ahal izango den bideo batean, saio bakoitzeko harri bitxiak bildu eta kontutan hartu beharreko gaiak azpimarratuz.

Euskadi Irratiko whatsapp bidezko kopla lehiaketa

Duela lau urte egindako moduan, aurten ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin bat eginez, Euskadi Irratiak abian jarriko du, urriaren 30etik aurrera, Whatsapp Bidezko Kopla Lehiaketa. Duela lau urte izandako arrakasta ikusita, aurten ere irratian entzuleak animatu nahi ditu, whatsapp bidez koplak bidaltzera. Saria ez da nolanahikoa izango: asteburu-pasa eder bat Bilbon. Abenduaren 17an Barakaldon jokatuko den final handirako bi sarrera izango ditu irabazleak. Eta saria borobiltzeko, afaria eta hotela ere izango ditu Bilbon.

Finalerako sarreren zozketak

Izan ere, final handirako txartelak agortu diren honetan, EiTBko irrati desberdinak entzunez, sarrerak lortzeko aukera izango da. Adi-adi egon beharko du entzuleak, irrati bateko eta besteko saio desberdinetan zozketa ugari egingo delako.

Radio Euskadik 'Bertso Eskola' irekiko du

Erdaldunei bertsolaritzaren gainekoak azaltzeko asmoz, astero tarte berezi bat eskainiko dio txapelketari Radio Euskadiko 'Graffiti' saioak. Beñat Zamalloa eta Galder Perezen artean, ostiralero, 17:30ean, aurreko asteburuaren errepasoa eta hurrengoaren aurrerapena egingo dute, aldiro gonbidatu berezi bat dutela. Tarte didaktikoa izango da: bertsoa bera nola sortu behar den, errimen arteko oreka, potoa zer den, doinu desberdinak nolakoak diren? Halako kontuak argituz, zaletasunik ez duenaren artean ere txirrinta piztea izango du helburu 'Graffiti'ko taldeak. Eta guzti hori, jolasaren bidez. Saria ere izango du jolas horrek, finalerako txartelak ere zozketatuko dituztelako bertan.

Gaztean, bertsoekin jolasean

Taldeko irrati gazteenak ere ostiralero eskainiko dio tartetxoa Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Xabier Sukiaren laguntzaz, 'Dida' saioan lehiaketa berezi bat jarriko dute abian.

Finala EiTBko irratietan

Abenduaren 17ko finalean ere jarraipen zabala egingo dute EiTBko irratiek. Euskadi Irratiko 'Amarauna' saioa Barakaldotik bertatik egingo da egun horretan, eta finalaren arratsaldeko saioa osorik entzuteko aukera izango da. Radio Euskadin ere egun guztian zehar egingo dute bat BECekin.

Informazio gehiago (4)