HEM-Trindoor Txapelketa
Hernani txapeldunak ekin dio 3. edizioari
A.E.
eitb.com
"Hiru Erregeen Mahaia" Herri Arteko Trindoor Txapelketaren 3. edizioa aurreko edizioko txapeldunak jarri du martxan.
Aurreko edizioaren txapelduna izateagatik Wild Card edo gonbite txartela (zuzenean finalerdietarako sailkatuta daude final-laurdenetarako kanporaketa jokatu beharrik gabe) zutela jakinda ere, lanerako gogoz etorri dira, eta konplitu dute.
Azken denbora iazko Top10-ean sartuko litzateke: 15’56”. Gogoan izan nola geratu zen 2009ko zerrenda hori:
1. HERNANI__ 15''10"
2. AZPEITIA__ 15''12"
3. VILLABONA__ 15''25"
4. MARKINA__15''29"
5. TOLOSA__ 15''30"
6. OÑATI__ 15''41"
7. USURBIL__ 15''45"
8. BERA / LESAKA__ 15''50"
9 AZKOITIA__ 15''56"
Arraunean 1.000 metro egiteko 3 minutuko lanetik jaitsi nahi zuen Goñik, eta 2''59" egin du. Iaz bera izan zen 3 minututik jaistea lortu zuen bakarra (hiru aldiz gainera), eta aurtengoa ere bide beretsuan hasi du. Marka, 2''55", ez dago urruti.
Iñaki Lekuona, bere aldetik, asteburu honetan estreinatu da Trindoorrean. Iaz Xabier Errazkin izan zen Hernaniko txirrindularia, baina denboraldia hutsean pasa du sendatzen ez den belauneko minagatik. Pistard-a da Lekuona, 23 urtez azpikoetan Gipuzkoako Txapelketako podiumean izan da, Puntuaketa proba irabazita. Ba majo sufritu du, baina marka polita eginez: 6''44", 5 km osatzeko.
Eta azken txandan, Sergio Romanen korrika saioa. Beste marka-jabe bat, iaz bera izan baitzen korrikalari azkarrena 5''51"rekin. Orduko 19 km-ra egin ditu lehen 500 metroak, 19''5 km-ra bitarteko kilometroak, 1.500 metroko markara 20 km/h-ko abiaduran iritsi da, eta azken txanpa 22 km/h-ra osatu du. Fresko, progresioan erritmoa bizkortuz, eta gehiago egin zezakeenaren sentsazioa eman du amaieran, baina ez zeukan topera aritu beharrik (sailkatuta daude, emaitza edozein izanda ere) eta 6''12"ko denboran egin ditu 2 kilometroak; sekulako marka, baina benetan estututa markara arrimatzeko moduan ote dagoen jakiteko gogoz geratu gara.
Orobat saio txukuna txapeldunena. "Zuzenean sailkatuta egonagatik ez genion inori kexatzeko arrazoirik eman nahi, gure lana ondo egin, marka txukun bat jarri, eta finalerdietara begira itxura duina eman nahi genuen", esan du Goñik. Asmatu dute ba. Ondo abiatu da Trindoorraren 3. edizioa.