"Urrezko Diskoa"
Mose Allison: LISON: jazza, bluesa eta kanta ironikoak
O.K.
Euskadi Irratia
Jazz zirkuitoko pianista famatuen artean egongo litzateke Mose Allison, kanta ironiko eta azidoak konposatuko eta abestuko ez balitu.
Kultoko artista da ordea rock eta pop musikako talde eta bakarlari nagusientzat.
Mose Allison-en kantak dituzte euren errepertorioetan Rolling Stones, The Who, Elvis Costello, Tom Waits, John Mayall, Bonnie Raitt, The Clash eta Van Morrisonek, beste artista askoren artean.Allisonen pianoko lanak beti dira berritzaile eta freskoak. Baina kanta egile modura aparteko etorria du. Zorrotza, ausarta eta umoretsua da hitzak idazterakoan. Eta hitz hoiek komenientziaren arauera jantziko ditu. Batzuetan giro intimista sotilean. Beste batzuetan instrumentazio aberatsarekin. Kantautoretzarekin aldi berean jazza eta bluesa jorratu izanak ordea, hainbat zirkuitotatik kanpora utzi du Mississipiko Deltan jaiotako artista hau.Mundura 1927ko azaroan etorri zen Tippo izeneko herrian. Haurtzaroko eta gaztetako urteak Louis Jordan, Nat ''King'' Cole, Louis Armstrong eta Fats Wallerren musikaz inguratuta egin zituen. Kanta egileen artean berriz, Percy Mayfield ''Blues munduko Poeta Saritua'' izan du inspirazio iturri nagusi. Unibertsitateko ikasketak ingenieritza kimikoan hasi zituen, filosofia eta hizkuntza ikasiz amaitzeko. Ez dabiltza oker beraz, ''jazzlari jakintsua'' ezizenez bataiatu dutenak. Lehendabiziko diskoa 1957garren urtean argitaratu zuen eta hurrengo 19 urteetan disko bat plazaratuko zuen urtero. Hortik aurrerako erritmoa baretu arren Mose Allison-en diskografia benetan zabala da. Adituen esanetan diskorik oparoenak sormenaren ikuspegitik, 90eko hamarkadan argitaratu zituen. Dena den, 21garren mendean ere eta 80 urte bete ondoren kalitatezko diskoak argitaratzen jarraitu du. Esku artean dugun urrezko disko honetan 40 urteko epean plazaratutako kantarik esanguratsu eta ezagunenak bildu dira. Kronologikoki ordenatuta datoz 1957an hasita. Beraz, jasota daude bere klasiko nagusiak. Esaterako: "Back Country Blues," "Parchman Farm," "Western Man," eta "Ever Since the World Ended”. Grabazio batzuk estudiokoak dira, beste batzuk zuzenekoak eta lasai esan dezakegu antologia osatzen duten 45 abestiek eragin handia izan dutela hiru belaunalditako musikarien artean