Itxi

ETAren amaiera

Euskal presoen egoera, ETAren desegitearen ostean

ETAren desegiteak espetxe politikan aldaketak erraztuko dituen itxaropena dute euskal presoek. Epe erdian epaitegiek onartuko dituztela onurak lortzeko presoak egiten ari diren banakako eskariak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Sakabanaketa politikarekin bukatzeko eta preso gaixoak aske uzteko eskatzen dute ezeren aurretik euskal presoek, baina, horrekin batera, zigorrak murrizteko aukera emango dien gradu aldaketa aitor diezaietela. ETAren amaierak espetxe politikan aldaketak erraztuko dituen itxaropena dute.

Izan ere orain arte espetxe erakundeek eta Auzitegi Nazionalak ukatu egin dituzte bigarren gradura igarotzeko eskari guztiak, ETA oraindik indarrean zegoelako. ETA gabe argudio horrek ez du funtsik, Txema Matanzas abokatuaren hitzetan.

Euskal Presoen Kolektiboak uste du ETAren ondorengo garai berriak espetxeetan ere ergaina izan beharko lukeela, sakabanaketarekin bukatuta, Antton Lopez Ruiz presoen alorreko SORTUren arduradunak esan digunez.

Aldiz, Espainiako gobernuaren jarrera finkoa da, Mariano Rajoy presidenteak iragarri duenez.

Ehundik gora eskari igorri dituzte, banaka, EPPK kolektiboko presoek, barne eztabaidan bide juridiko berriak jorratzeko erabakia hartu zutenetik, espetxeko bigarren graduak aukera emanen dielako baimenak eta zigor murrizketak lortzeko. Presoen gehiengo zabalak erregimen itxian jarraitzen du, ziegatik kanpo soilik 5 ordu dituzte egunean.

Presoen hurbilketa sustatzeko plana garatua du Eusko Jaurlaritzak eta urrats hori emateko garaia dela adierazi diote Rajoy presidenteari. Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, Rajoy gaiarekiko sentibera da. Batez ere, euskal gizartean gai horretan dagoen adostasun zabalagatik eman beharko luke urratsa.

Biktimekin hitz egiteko eta eragindako mina aitortzeko prest agertu da orain Euskal Presoen Kolektiboa. Baina espetxe onurak lortzeko, legez, egindako delituaren jarrera kritikoa ezinbestekoa izanen dela gogoratu dute Jonan Fernandezek eta Iñigo Urkullu lehendakariak.

Joseba Urrusolo ETAko preso disidentea izna zena, oso kritiko agertu da Ezker Abertzaleak espetxeetan izan duen politikarekin, presoei beraiei eskubideak ukatzen zizkielako. Langraitz bidea jorratuta lortu zuen Urrusolo Sistiagak askatasuna, eta espetxean zeudela hasi zuten biktimekin harremana.

Txema Matanzasen iritziz, ordea, talka ideologikoa dago Langraitz bidea eta EPPKren bidearen artean. Eta nabarmendu du  kolektiboak batuta egin duela bidea. Egun, soilik sei preso aldendu dira hitzartutako estrategiatik.

Armagabetzearen ondoren, 2011. urtean, edozein aldaketarako ETAren desgeitea eskatzen zuen Espainiako gobernuak, orduko barne ministro Jorge Fernandez Diazek adierazi zuenez. Orain aldiz, edozein aldaketa ukatu egin du Juan Ignacio Zoido egungo barne ministroak.

Presoek jakin badakite aldaketak ez direla jarraian, epe motzean etorriko. Euskal gizartearen konsensu eta babesean jarrita dute konfiantza.
Eta nabarmentzen dute Ipar Euskal Herriko gizarte babes horrek aldaketak ekarri dituela Frantziako espetxeetan.   

Egun, EPPKko 300dik gora preso daude espetxean. 250 Espainian, eta besteak Frantzian.

Audioak (1)