Trindoor-ean
Errekorrak azpeitiarren kontu
A.E.
Erredakzioa
Emakumezkoen Herri arteko II. Trindoor Txapelketaren lehen eguna, eta lehen markak, Azpeitia protagonista dela.
Hiru Erregeen Mahaiko Lehiaketa Batzordearen ''wild card'' edo sari-txartela jasota kanporaketarik jokatu gabe baina irekiera saioan agerraldia eginez ekitea tokatu zaie.
Eta nola ekin! 14''04"ko marka egin dute! Iaz eurak ez beste inor ez zen izan gai halako markarik egiteko. A zer aurkezpen txartela gaurkoa! Tartean gainera korrikako marka egin du Nerea Etxeberriak: 5''14"; iaz berea izan zen saio azkarrena 5''22"rekin, eta zortzi segundoko koska maila horretan koska ikaragarria da.
Arrauneko 750 metroak osatzeko berrikuntza Onintza Zeberio izan da (Bagitxitxin korrika taldea). Iaz Oihana Agirrek egin zituen azpeitiarren ergometroko saioak, eta berriki haurra izan berritan denez Zeberiok hartu du haren lekukoa; 3''02", marka txukuna baina berak aitortu duen bezala "hobetu litekeena". Mireia Epelde (Lointek-UCI taldea) izan da bizikletako 4 kilometroak osatu dituena, eta 5''48" eginda sobran konplitu du: "iaz egin nituen denboren tartean geratu naiz, gustura", esan du. Eta haren segidan etorri da Etxeberriaren erakustaldia korrikako zintan 1500 metro ikusgarri eginez: orduko 16 kilometroan lehen 200n metroak, orduko 17 berehala, lan erdiak osatzerako 18, 500 metro faltan 19an zeukan makina, eta azken 150 metroak orduko 20 kilometroan osatu ditu! Haren ziztua! Eta umorez errieta Zeberio abiadura-eragileari eta Epelde animatzaileari: "zinta orduko 16ko abiaduran jartzeko agindu diot eta gutxika igotzeko, lanerditan gehiago ez igotzeko ere esan diot baina kasurik egin ez eta bizkortzen segi du, egiten ari ziren oihuekin enaute entzun nonbait...", esan du parrezka eta egindako errekorragatik pozarren. Azpeitiako San Silbestrea irabazi berri du, Gasteizko Maratoi Erdian 1.24.40 egin zuen (bere errekorra distantzian), eta martxoko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia du orain jomuga nagusia.
Indarrean hasi da beraz Trindoorra berriro. Eta datorren asteko segida erakargarria da oso: Berriz eta Aizarnazabal nor baino nor, famili arteko dema eta gizonezkoen Trindoorreko aurrekariak tarteko.
Larunbatetako hitzordua Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaian: Herri arteko Trindoorra.