HEM-Trindoor Txapelketa
Marka onak, eta Gernika aurrera
A.E.
Erredakzioa
Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak beste behin aurrez aurre Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia Trindoor Txapelketan, eta beste behin bizkaitarrak aurrera.
Joan zen asteko kanporaketan Berrizek Aizarnazabal kanporatu zuen bezala egin du Gernikak Tolosarekin. Bi taldeek maila bikaina eman dute. Tolosak ekin dio saioari, zozketan hala egokituta. Iaz Lauko Finala jokatu eta hirugarren amaitu zuten Txapelketa, eta gernikarrek baino marka hobea egin zuten bi segundoko aldeaz besterik izan ez bazen ere. Izaskun Atorrasagastik arraunean bere marketan jarraitu du 750 metroak 3’00”-an eginda. Itsaso Leunda triatloilari eta txirrindularitzan duela bi urteko Espainiako errepideko txapeldunak hartu du erreleboa bizikletan, eta 4 kilometroak 5’51” eginda gertu izan du Mireia Epelderen denboraldiko marka (5’48”). Azken saioa, Amaia Arbillagaren korrikakoa, ere oso ona izan da: 1500 metroak –makina hutsetik abiarazita-, 5’46”ko denboran osatu ditu. Tolosak, orotara, denboraldiko bigarren marka onena: 14’38”; iaz euren marka onena baino 5 segundo azkarrago. Bikain.
Gernikarrentzat presioa, baina abantailatxoa ere, tolosarren erreferentziaren berri jakinda. Silvia Hermidak arraun saioan kanporaketa euren alde jarri du denboraldiko marka nagusia eginda: 2’44”. Leire Larretak hartu du lekukoa bizikletan; 6’11” eginda emozioa piztu da kanporaketan: lehen bi saioen ostean Tolosak 4 segundoko aldea! Korrika, ordea, Nerea Lafuentek sekulako lana egin du –Donostiako Nazioarteko krosean parte hartu bezperan-, eta bere marka pertsonala eginez, 5’30”, Gernikaren garaipena lotu du: 14’26”. Urdaibai triatloi taldeko hirukoa nagusi.
Gernika beraz final aurrekoetan da. Azpeitia, Berriz eta hiruak dira sailkatuta daudenak. Tolosak, bere aldetik, ezin iazkoa errepikatu, lehen kolpean kanporatua izan ostean.