HEM-Trindoor Txapelketa
Abadiñok, bizikleta marka tarteko, Ordizia gainditu du
A.E.
Erredakzioa
Bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko lehia berri bat, hirugarrena jada, aurtengo Emakumezkoen Herri arteko Trindoor Txapelketan: Abadiño-Ordizia. Eta hirugarrenez bizkaitarrak nagusi.
Aparteko lagun giroan, oso saio polita izan da gaurkoa Trindoorrean. Ordiziak ekin dio lanari. Trindoorrean lehen partehartzea zuen Ordiziak, eta Maider Gaztañaga, Nekane Kerejeta eta Irene Irastorza aritu dira jo eta su, hirurak ''Bolitas Anaiak'' korrikako taldearen elastikoarekin. Gaztañaga, euskal igerilari onenetakoa 90. hamarkadan, krosetan eta triatloietan ari da orain, haietan ere puntaren puntan, eta taldean hala erabakita berak hartu du arraun egiteko ardura... nahiz sekula ergometroan ibili gabea izan! Ba bikaina izan da bere saioa: 2''51"an osatu ditu 750 metro, aurtengo bigarren markarik onena. Nekane Kerejetak hartu du erreleboa bizikletan, zikloturista bera -aurten Treparriscos du helburu-, 6''10"an egin ditu 4 kilometroak. Eta azkenik Irene Irastorzaren korrika saioa, hau ere atleturista (je), 1500 metro 6''31"an, gutxitik gehiagora indar erakustaldia eginez, eta gehixeago ere eman zezakeenaren sentsazioarekin amaituz. Orotara marka ona, aurtengo laugarren onena: 15''32".
Abadiñok segida. Iaz denbora oso ona egin harren (14''21") Markinak kanporatu egin zuen, eta langa hori gainditu nahian etorri dira iazko hiru lagunak: Jaione Arana, Eneritz Iturriagaetxebarria eta Oihana Azkorbebeitia. Aranak, kiroldegietako monitore bera, iazko marka hobetuz 3''04" egin du arraunean; Ordizia beraz 13" aurretik zen. Emozioa. Baina Iturriagaetxebarria erauntsia iritsi da segidan. Iazko maiatzean izandako lesiotik erabat osatuta, eta bere talde berriarekin, Lointek-ekin, jada entrenamenduak aurreratuta, asko espero genuen harengandik, eta asko eman du: 5''25"!!! Iazko errekorra 3"an hobetu du! Sekulakoa izan da. Eta noski, taldea, Abadiño, aurretik jarri du. Hala, Oihana Azkorbebeitia mendiko lasterkariaren txanda iritsi da, aurten euskal selekzioarekin berriz ere eta Munduko Kopan parte hartzeko prestatzen, eta gutxitik gehiagora eginez 5''50" egin du. Orotara 14''20" abadiñoarrentzat, aurtengo bigarren markarik onena.
Azpeitia, Berriz, Gernika eta Zarautzekin batera Abadiño ere Trindoorrean aurrera beraz.