"Urrezko Diskoa"
'Chester & Lester': bi erraldoi gitarrarekin
O.K.
Euskadi Irratia
Gitarra elektrikoaren itxura fisikoa eta gaur egungo ezaugarriak Les Paul jazz-gitarristari zor zaizkio neurri handi batean.
Country gitarraren ''Nashville Soinua'' berriz, Chet Atkins-ek zabaldu zuen mundu osoan . Eta bi maixu handi hauen grabazio-saio inprobisatu eta freskoa da ''Chester Lester'' urrezko diskoa.
Oso gaztetan ezagutu zuen Chet Atkins country gitarristak Les Paul jazzlaria. Atkins-en anaia zaharrago bat kantaria zen eta Les Paul-en jazz-hirukotean kantatzen zuen. Baina bizitzak ez zituen bi gitarrista handi hauek aurrez aurre jarriko, ia 40 urte geroago, New York-eko hotel batean topo egin zuten arte. Iniziatiba Atkinsena izan zen eta ordurako Les Paul gitarra profesionaletik erretiratuta zegoen. Bi artistak Atkins-en eskariz elkartu ziren hotel bateko gelan, publikorik gabeko saio inprobisatu batean jarduteko. Berehala konektatu zuten eta bi gitarren artean sortu zen komunikazio musikal erraz eta joria grabazioko estudiora eramatea proposatu zuen Atkinsek. Huraxe izan zen ''Chester Lester''proiektuaren atarikoa.
''Chester Lester'' diskoko gairik gehienak Les Paul-en errepertoriokoak dira. Baina abiapuntu hori hartuta, partiturarik gabe, modu natural eta inprobisatuan grabatu zen estudioan bi gitarren arteko ''elkarrizketa''. Eta ''solasaldi'' hori janzteko, Nashvilleko country-talde baten laguntza dute atzetik: pianoa, bateria, baxua eta gitarra erritmikoa.
Grabazio estereoaren aukera aprobetxatuz Les Paul-en gitarra ezkerreko kanalean grabatuta dago eta Chet Atkinsena eskubikoan. Dena den, soinuarengatik ere erraz nabarmentzen da zein den zein. Les Paul-en gitarrak soinu metalikoa du, diztiratsua eta kiribildua. Chet Atkins-enak berriz ohiartzun pixka bat du eta leunagoa da hatz-punteoaren ondorioz.
Disko osoan barrena desafio puntu bat soma daiteke bi artisten artean. Nor baino nor aritzeko grina. Zein den gehiago erakusteko gogoa. Bai musikarekin egiten dituzten jokoetan eta baita hitzez elkarri botatzen dizkioten zirikada eta puntadetan ere. ''Chester Lester'' diskoa 1977an argitaratu zen eta ondorengo 10 gaiek osatzen dute.
1. It''s Been A Long, Long Time
2. Medley: Moonglow/Picnic
3. Caravan
4. It Had To Be You
5. Out Of Nowhere
6. Avalon
7. Birth Of The Blues
8. Someday Sweetheart
9. Deed I Do
10. Lover Come Back To Me