Erreportaje berezia
Tanger: adingabeen migrazio mugimenduak ulertzeko, funtsezkoa
Aitor Perez Bueno | Euskadi Irratia
'Haur migranteak, ametsaren arantzak' erreportaje sortan, Aitor Perez Bueno lankidearen lehen geltokia da Tanger. Hiri hau funtsezkoa da Marokon gertatzen diren migrazio mugimenduak ulertzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Tangerreko kaleek ongi etorri zaratatsua egin digute. Klaxonen soinua eta trafiko nahaspila ohikoa da hirian. Azken urteetan asko aldatu bada ere, Tanger funtsezkoa da Marokon gertatzen diren adingabeen migrazio mugimenduak ulertzeko.
Mercedes Jimenez antropologoa duela 20 urte Andaluzia utzi eta Marokora bizitzera joan zen helburu garbi batekin: Ulertu nahi zuen, zergatik gazteek bizitza arriskuan jartzen duten Europara joateko, kamioi baten azpian edota patera batean bidaiatuz. Bere lehenengo ondorioa, hauxe: Migrazioa, Marokorentzat baino, Europarentzat arazoa dela uste du. Gazteek herrialdea uzteko dituzten arrazoiei buruz, berriz, bere hitzetan, eskubide falta eta udaberri arabiarrek sortutako frustrazioa dira gakoak.
Mercedesekin, Tangerreko portu ondoan dagoen Continental Hotel ezagunean egin dugu hitzordua. Bertako bazarrean, Jimmyk 50 urte daramatza lanean. Harrera euskaraz egin digu. Bere alabak 14 urte daramatza Hondarribian. Eta berak ere, ondo ezagutzen du Europa.
Marokon pobrezia bai, baina goserik ez dagoela dio. Eta bere ustez, Europan bizitza ez da erraza, ez baitzaio inori ezer oparitzen. Baina errealitatea da, adingabe askok etorkizunaren bila Europarantz jotzen dutela. Adibide gisa, Tangerreko portutik metro gutxira aurkitu dugun 13 eta 19 urte bitarteko gazte talde hau. Eurek argi dute zein den euren helmuga.
Baina bada beste migrazio mota bat Tangerren. Saharaz Hegoaldetik iritsitako ehun bat pertsona hiriko Katedraleko atarian ezkutatzen dira. Poliziarengandik ihesi dabiltza, eta erabiltzen duen indarkeria salatzen dute. Santiago Agrelo artzapezpiku emerituak Katedralera gonbidatu eta polizia indarkeria hori baieztatu digu. Bide batez, inguruan dituen Saharaz Hegoaldeko migranteen artean adingabekoak daudela dio. Eta bide beldurgarria dela dio, hein handi batean, Maroko, baina batez ere Europako arduradun politikoen erruagatik. 77 urterekin, Agrelok datozen egunetan joango da Tangerretik. Inguruko mezkitetako otoitzerako deiak entzuteari utziko dio Galizara, bere jaioterrira itzultzeko. Baina etsipen puntu batekin doa, ez baitu bermatuta ikusi, pertsona guztiek migratzeko duten eskubidea.