Erreportaje berezia
Larache, pateren abiapuntua
Aitor Perez Bueno | Euskadi Irratia
'Haur migranteak, ametsaren arantzak' erreportaje sortan, Aitor Perez Bueno lankidearen bigarren geltokia Larache da. Ozeano Atlantikora begira dagoen hiri honetatik abiatzen dira patera asko.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Laracheko kostaldean lasaitasuna nagusi da. Hara heldu eta Ozeano Atlantikora begira bizi den hondartza ederrak topatu ditugu. Egunez ehunka gaztek bainatzeko erabiltzen dituzte, baina eguzkia izkutatu eta iluntasuna nagusi denean, adingabe horietako batzuk, kostaldera itzuli eta pateretan abiatzen dira.
Ilargi Mayor Caminando Fronteras Gobernuz Konpoko Erakundeko kidea da. Nafarroatik Marokora duela hamar urte joan zen bizitzera. Fouad Ajarif, berriz, Pateras de la Vida elkarteko kidea da. Andaluziako kostalderaino 7 eta 12 orduko bidaia dela azaldu digu, beti ere, itsasoak agintzen duenaren arabera. Larache pateren irteera gune garrantzitsuenetakoa dela dio, eta patera horiek ateratzen diren puntutik oso gertu, adingabe bat pateran bidaltzea familia proiektu bat dela azaldu digu.Arriskuen gainetik, etorkizunean, familiarentzako diru iturri bihurtuko delakoan inbertsioa egiten dute.
Autoa hartu eta hegoaldera goaz. Marokoko hiriburua Rabat da, eta bertan Kalid Zerouali Gobernuko Migrazio Zuzendariak bere bulegoan hartu gaitu. Bere ustez, migrazioa arazo bat baino aberastasuna Marokorentzat. Bere ustez, adingabekoek herrialdetik joateko hartzen duten erabakia ez da Marokon bizi duten egoeraren ondorio. Aitzitik, Europak, bereziki internet bidez eskeintzen dien paradisu modukoak erakartzen dituela uste du.
Ilargi Mayorrek sare sozialen eragina berresten du. Baina ez Ilargik, ezta Pateras De La Vida elkarteak ere, ez dute bat egiten Gobernuaren beste argudioekin. Izan ere, argi ikusten baitute gazteek Marokon bizi duten eskubide urraketa zuzenean lotuta dagoela migrazioekin. Horregatik, gazteak Gibraltarreko itsasartea gurutzatzera arriskatzen dira. Arrisku horiei buruz eta Europan aurkituko dutenaren inguruan, Pateras De La Vida elkarteak entzuten dugun bezalako hitzaldiak ematen ditu eskoletan.
Mohamedek 20 urte ditu eta dagoeneko patera batean hirutan saiatu da Europara heltzen. Lehendabizikoa, 16 urte zituela.
Tangerrerako bidea hartu dugu. Hor, Tanger Med portu berriaren ingurua adingabez beteta dago.
Taldetxo batekin hitz egiteko aukera dugu. Arropa, kamioien azpialdeko olioak uzten dituen orbanez beteta dute. Hilabeteak daramatzate saiatzen. Kalean. Euren aurpegietan, pasatzen duten gosea islatzen da. Baina, hala ere, lehenago edo geroago Europara pasatzea lortuko dutela ziur daude. Ez badute lortzen, gehienak ez dira etxera itzuliko.
Lortzen dutenen artean, berriz, familia osoak aurki ditzakegu. Rewardena horietako bat da. Bera eta bere 8 anai-arrebak Madril eta Bilbo artean bizi dira. Bere gurasoen etxean hartu gaitu. 17 urterekin, kamioi baten azpian pasatu zen eta joan zenean gurasoei ez ziela ezer esan onartu digu. Eta bidez batez, Europan gauzak ez direla uste bezain politak dio.
Baina eurek zailtasun horiek gainditzeko hautua egin dute, bizitza hobe bat lortzeko, kasu honetan, Bilbon.