Erreportaje berezia
Algeciras, lehen helmuga
Euskadi Irratia | Aitor Perez Bueno
'Haur migranteak, ametsaren arantzak' erreportaje sortan, Aitor Perez Bueno lankidearen laugarren geltokia Algeciras da. Hamarkada ugari daramate Marokotik heldutako pertsonak artatzen.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
2018. urtean sei mila adingabeko heldu ziren bakarrik Espainiako kostaldetara. Bereziki altua izan zen Gibraltarreko itsasartea gurutzatu zuten patera kopurua. Algeciraseko kostaldeko herrietan hamarkadak daramatzate Marokotik heldutako pertsonak artatzen.
Maribel El Pelayo izeneko herrian bizi da. Mila biztanle inguru ditu eta Algecirasetik hamar kilometrora dago. Bertan, joan den udan izandako etorkin uholdearen ondoren, adingabekoentzako zentru bat zabaldu zuten errepide baten ondoko eraikin batean.
Ilargi Mayor Caminando Fronteras Gobernuz Kanpoko erakundeko kidea da. Hamar urte dira Nafarroa utzi eta Marokora lehenik eta orain Algecirasera joan zela. Ondo ezagutzen ditu El Pelayoko adingabekoentzako zentroak dituen gabeziak. Zerrenda luzea da. Baina Andaluzian, horrelako egoeretan inprobisatzen diren urgentziazko zentroetan, gabeziak errepikatzen dira. Jerezen, esaterako, hotel bat egokitu dute adingabekoak hartzeko. Paco Cuevas Etorkinen Babes Sareko kideak adibideak jarri dizkigu.
Heltzen diren etorkinei laguntzeko lanean dabiltzan kolektiboak kexu dira, politikarien borondate faltagatik. Anabel Quiros, Algeciras Acogeko boluntarioak dio egoeraren ondorioz, adingabeek zentroak uzten dituzte. Ilargi Mayorrek gogoratu du, bide batez, adina zehazteko orduan, Estatuko administrazioek ez dietela kasurik egiten gazteek Marokotik ekartzen dituzten dokumentuei. Batere zehatza ez den azterketa oseometrikoaren alde egiten dute.
Baina Algeciraseko kostaldeak itsasartea gurutzatzea lortzen ez duten pertsonen gorpuak ere hartzen ditu. Tarifako hilerrian haizeak besterik ez du apurtzen isiltasuna. Bertan duela 30 urte itota agertu ziren lehen etorkinen gorpuak daude. Franciscok, bertako langileak, erakutsi dizkigu. Ehortzi duten azken adingabeetako baten hilobia erakutsi digu. Duela 30 urte gertatzen den zerbait den arren, ez da ohitu. Izan ere, gogorra da identifikatu gabe heltzen diren pertsona horien hilobiak ikustea. Izenik ezean, bere jatorria besterik adierazten ez duen 'Marokoko etorkina' esaldia irakur daiteke.