Itxi

Ostiralean

Megaderbia, ostiraleko 'Faktoria'n

Euskadi Irratia

Osasunako Jagoba Arrasate, Eibarko Jose Luis Mendilibar, Athleticeko Gaizka Garitano, Alaveseko Asier Garitano eta Realeko Imanol Alguacil elkarrizketatuko ditu Maite Artolak.

Euskal entrenatzaileak

Ostiral honetan,  09:00etatik aurrera, gizonezkoen futbol ligako lehen mailako euskal taldeetako entrenatzaileekin izandako solasaldia eskainiko du Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak. Euskaraz, harrobiez, balioez, euskal selekzioaz eta bestelako gaiez aritu dira Osasunako Jagoba Arrasate, Eibarko Jose Luis Mendilibar, Athleticeko Gaizka Garitano, Alaveseko Asier Garitano eta Realeko Imanol Alguacil.

Aurretik, ohi baino laburragoa izango den eguneroko solasaldian, Eneko Etxeberriak eta Mikel Serranok gaurkotasunari lotutako gaiak izango dituzte hizpide. Eguneko zutabea Maddalen Arzallusek sinatuko du, 08:00etako albistegiaren aurretik.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Pako Ibañez musikariarekin hitz egingo dugu. Parisko Olympian eman zuen kontzertuak 50 urte bete dituela eta, biran dabil, eta Iruñeko Gayarre antzokian emango duen kontzertuaren atariko hitz egingo dugu harekin. Gainera, euskaraz beti gaizki esaten ditugun gauzez ariko zaigu Idoia Torregarai. Bestalde, ‘Euskal gaizkileak’ true crime seriea batuko zaie Zuzeu-ren podcastei, eta Beñat Hach Embarek zuzendariarekin hitz egingo dugu. Amaia Albes moda diseinatzailearen tartera, Saioa Goitia batuko zaio. Sophie et Voilá etxeko diseinatzailea da, eta New York-en erakutsi dute euren ‘Tanto’ bilduma. Azkenik, Eskoziako arraunlari beterano talde batek hiru erronka egin ditu Orioko ontzi batekin, eta asteburuan datoz itzultzera. Miren Salsamendi eta Holy Lertxundirekin hitz egingo dugu horri buruz.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

Informazio gehiago (3)