Udal bozak Ipar EHn
Lortuko du Jean Rene Etchegarayk Baionako auzapez izatea berriz?
Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen galdera nagusietako bat da hori. Kargu horrekin, agian, Elkargoko presidentetza ere lortuko luke.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen galdera nagusietaKo bat da hauxe: Jean René Etchegarayk Baionako auzapezgoa lortuko al du berriz ere? Eta, kargu horrekin, agian, elkargoko presidente gisa errepikatuko luke? 24 boto eskasengatik, doi-doi irabazi zion hautagai sozialistari eta, sei urteren buruan, konfiantzaz betea somatzen zaio Etchegarayri, Baiona arrunt berritu duela aldarrikatuz. Ia zentro-eskuin osoa alde du eta, parean, ezkerreko hiru zerrenda; elkarrekin bat egiteko gaitasuna izan ez duten hiru hautagaitza...
Gogotsu abiatu du kanpaina Jean René Etxegaraik. Zentro eta eskuineko alderdi guztien sustengua eskuan zuela egin zuen aurkezpena...edo ia guztiekin. Débout La Franceko kide Paskal Leselleirrek eskuin muturreko zerrenda osatzea lortu baitu FNko kideekin. Askoren ustetan, lehen itzulian bertan garaipena lor zezakeen, eta azken orduko zerrenda horrek garaipen goiztiar hori oztopa lezake. Gainerakoan, ezkerreko hiru zerrenda: sozialistak, sozialisten banaketa eta abertzaleek, berdeek eta intsumituek osatutako koalizioa.
Festak ordainaraztera ausartu da adibidez Etchegaray, eta besteek erran dute horrekin amaitu nahi dutela; Mixel Esteban Baiona Ireki zerrenda sozialistako kideak, esaterako. Hiriburuan bereziki sentitzen den arazo bat mugikortasuna eta garraioa da. Kasu horretan, Elkargoaren ardura izanen da erronka hori. Udal bozak izanik ere, Elkargoari lotuak dira, mankomunitatea ere aukeratuko baitute. Bietan errepikatzen saiatuko da Etchegaray.