Adierazpen historikoa
ETAren iragarpena Euskadi Irratian
eitb.com
Talde terroristak jarduera armatua behin betiko utziko duela adierazi ondorengo testigantza, erreportaia eta adierazpen guztiak hemen.
ETA organizazio terroristak jarduera armatua behin betiko utziko duela iragarri du, 'Gara' egunkariaren edizio digitalean zabaldutako komunikatu baten arabera.
"Historikotzat" hartu duen adierazpen honetan "borroka armatua gainditzeko" bere konpromiso "argi, sendo eta behin betikoa" azaldu du.
Helburu horrekin, "Espainiako eta Frantziako gobernuei elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko" deia egin die, "gatazkaren ondorioei" irtenbidea ematera zuzenduta.
Bake Konferentzia
Era honetan, Donostiako Bake Konferentzian, Kofi Annan buru izanda, nazioarteko sei liderrek egindako adierazpenari erantzun dio ETAk; horiek indarkeria behin betiko uzten duela esateko adierazpen publiko bat egiteko eskatu zioten.
Bere burua "nazioa askatzeko organizazio sozialista iraultzailetzat" hartzen duen ETAk azaldu duenez, Aieteko Jauregian egindako Nazioarteko bake Konferentzia "garrantzi politiko handiko ekimena da". "Gatazkaren irtenbide integral baten osagaiak" dituela eta "euskal gizartearen eta nazioarteko elkartearen sektore handien babesa duela" gaineratu du.