Itxi

Elkarrizketa

EAJk 'euskal nazioaren aldarrikapenetan' egingo du bat Amaiurrekin

Erredakzioa

Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak azpimarratu du Mariano Rajoy presidente berria "Aznar baino eskuzabalagoa, lasaiagoa eta orekatuagoa" dela.

Josu Erkoreka diputatu jeltzalea, gaur. Argazkia: EITB

Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak esan du EAJ Amaiurrekin elkarlanean arituko dela Kongresuan "zalantzarik gabe", baina "euskal nazioarekin lotutako aldarrikapenetan" bakarrik. Dena dela, Diputatuen Kongresuko gainerako alderdi nazionalistekin "normalean" elkarlan hori izaten dela azaldu du.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean Erkorekak azaldu duenez, "jakiteko dago oraindik" koalizio abertzaleak Kongresuan izango duen parte-hartzea zein izango den, izan ere, "gauza asko entzun ditut, egun batean diote euskal gaiak bakarrik jarraituko dituztela, hurrengoan noizean behin joango direla, eta beste batean, egunero egongo direla, baina beti parte hartu gabe".

Bestalde, Amaiurrek talde propioa izango ote duen galdetuta, Erkorekak esan du "erabaki politikoa" izango dela Kongresuaren Mahaiak hartuko duena, "oinarri juridikoa izango du, baina erabaki politikoa izango da, Mahaiak hartzen dituen erabaki guztiak politikoak baitira".

Bestalde, Josu Erkorekak azpimarratu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente berria izango dena eta Jose Maria Aznar presidente ohia "pertsona desberdinak" direla eta "jarrerak, gauzak ikusteko era eta besteekin harremanak izateko modua desberdinak" direla. Horren harira, Rajoy "Aznar baino eskuzabalagoa, lasaiagoa eta orekatuagoa" dela uste du eta horrek "esperantza" ematen dio.

Albisteak (2)

Audioak (1)