Euskadi Irratia Saria 2011
Oihana Kortazarrek jaso du Euskadi Irratiaren Kirolari Onenaren saria
eitb.com
2011ko kirolaririk onena aukeratu dute kirol arloarekin zerikusia duten hainbat profesionalek. Zumetaren lan bat jaso du Felipe Juaristi, Euskadi Irratiko zuzendariaren eskutik.
Ostegunean, martxoaren 1ean, Euskadi Irratia saria banatu dute EITBren Miramongo egoitzan. Aurten Oihana Kortazar mendiko korrikalaria nabarmendu dute eta Zumeta artistaren arte lan bat jasoko du oroigarri gisa elgetarrak. Felipe Juaristi, Euskadi Irratiko zuzendariak eman dio saria.
Ekitaldian, EITBtik, Alberto Surio zuzendari nagusia eta Patxi Arratibel, Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendaria, egon dira. Bertan izan dira halaber, Kristina Zorita, Euskadi Irratiko albistegi burua; Arantxa Kaltzada, Programetak arduraduna eta Txetxu Urbieta eta Kepa Iribar, 'Hiru Erregeen Mahaia' irratsaioko esatariak.
Horrez gain, ekitaldian parte hartu dute Ikerne Badiola, Gipuzkoako Kirol eta Kultura diputatuak; eta Asier Sarriegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak ; Josu Ruiz, Donostiako Kirol zinegotziak; eta Manuel Rabanera, Arabako Foru Aldundiko Gazteriaren Foru zuzendari-kudeatzaileak.
Euskadi Irratiko 'Hiru Erregeen Mahaia' irratsaioaren baitan, kirolarekin zerikusia duten lagunek botoa emanez erabakitzen da urteko kirolaririk onena.
Hauxe orain arteko palmaresa: 2003 Joane Somarriba; 2004 Iker Martinez/Xabi Fernandez; 2005 Josune Bereziartu; 2006 Patxi Usobiaga; 2007 Aritz Aranburu; 2008 Leire Olaberria; 2009 Patxi Usobiaga eta 2010 Edurne Pasaban.