Itxi

Elkarrizketa

Olaziregiren familia: 'Ezker abertzalearen hitzak hutsak dira'

Erredakzioa

ETAk hildako bizikleta saltzailearen familiak uste du ezker abertzaleari "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko garaia iritsi zaiola.

Eugenio Olaziregi, 1997an ETAk hil zuen bizikleta saltzailearen familiak bere iritzia agertu nahi izan du hilketaren auzia berriz ireki, eta Valentin Lasarte ETAko kideak Olaziregiren hilketa "okerra" izan zela adierazi ondoren.

Edurne Albizu da familiaren bozeramailea, eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da gaur. Ezker abertzaleak Donostiako Kursaalen egindako adierazpena, "Konponbide haizea dabil" izenekoa, "hitz hutsak" izan zirela iritzi dio Albizuk, izan ere, "benetan baldin bada egia ETAk egindako ekintzekin sufrimendua intentziorik gabe eragin dutela, hitzetatik ekintzetara pasa behar dute".

Olaziregiren familiak uste du "pauso garrantzitsua" dela ETAk "gehiago ez hiltzea", baina "15 urteko sufrimendu hau eta euskal komunikabide batzuk jaramonik ez digutela egin salatu nahi dugu".

Albizuk ez dio garrantzirik ematen Olaziregiren hiltzailea nor den jakiteari: "Ez da garrantzitsua jakitea bat edo bestea izan zen Eugenio hil zuena".

Valentin Lasarte ETAko kideak Olaziregiren hilketa "okerra" izan zela aitortu zuela eta, Albizuk galdera bota du: "ETAko kidea salatu izan balu ondo legoke eta bestela gaizki?". Izan ere, ETAk, bere garaian, Olaziregik ETAko kideak salatu zituela esan zuen, eta horregatik hil zutela.

Familiaren bozeramailearen arabera, Olaziregik ez zuen ETAko kiderik salatu: "Guk Eugenio ezagutzen genuen eta politikatik kanpo ibiltzen zen. Ezinezkoa zen Lasarte ezagutu eta ETArekin lotzea".

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)