Itxi

Euskadi Irratia,ri saria

'Ilargipean' saioak ONCE Euskadi Solidarioak saria jaso du

A.E.

Euskadi Irratia

Komunikazio sailean nabarmendu dute Dani Arizalak zuzendutako saioa.

Dani Arizala. Argazkia: EITB

Euskadi Irratiko 'Ilargipean' irratsaioa Once Euskadi Solidarioak sariarekin nabarmendu dute. Ezintasunen bat duten lagunen integrazio sozialaren alde egiten duten erakunde, enpresa eta komunikabideak nabarmentzen dituzte Once Solidarioak sariek. Dani Arizalaren 'Ilargipean' sariaz gainera, Gorabide, Grupo Urbegi, Manuel Orozco eta Celia Garciak ere jasoko dute saria ekinaldi honetan.

Komunikazio Lanaren sailean gailendu dute Dani Arizalak zuzentzen duen 'Ilargipean' irratsaioa. "Itsutasuna, ikusmen urria edo beste edozein ezintasun duen edo baztertuta dagoen edozein pertsona talderentzat interesgarria izan daitezkeen eta garrantzia berezia duten gaiei buruz modu berezian lan egiteagatik nabarmendu den saio, artikulu, edo komunikazio programei zuzendutako saria da", adierazi du epai-mahaiak. "Gizartearen bestelako errealitateak naturaltasunez eta gertutik erakusten agertutako konpromezua" hartu dute kontutan irratsaioa saritzerakoan.

ONCE Euskadi Solidarioak Sariak pertsona itsu, ikusmen urritasun edota bestelako ezintasunen bat duten lagunen alde lan eta giza integrazioaren alde egindako ahaleginak azpimarratu eta sustatzeko sortu zituzten. Horrez gain, arazo sozialen sentsibilitatearen bozgorailu ere badira sari hauek.

'Ilargipean', gauero Euskadi Irratian

Dani Arizalak gauero astelehenetik ostiralera 23:15ean eskaintzen du 'Ilargipean' irratsaioa. Giza integrazioa, giza harremanak, autolaguntza eta inteligentzia emozionala bezalako gaiei arreta berezia eskainiz.