Azaroak 15, asteartea
Kike Amonarriz, "Faktoria"n
EITB Media
Euskaltzaleen Topaguneko presidentea izango dugu 08:30ean, Euskaraldia hasteko egun gutxiren faltan.
Euskaraldia hasteko egun gutxiren faltan, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea izango dugu Faktorian. Aurrez, Mattin Aiestaran arkeologoarekin hitz egiten ahaleginduko gara, baita Arangurenen egindako aurkikuntza historikoaren prozesua nolakoa izan den galdetzen ere.
Albistegiaren orduan, Mondragon Taldeak Donostian gaur egitekoa duen batzarraren inguruko xehetasunak espero ditugu; Ulmak eta Oronak korporaziotik alde egiteko azaldutako asmoen aurrean, lehen bilera izango da honakoa.
Lekukoa Maider Segurolak hartuko du 10:00etan, magazinari ekiteko. Hasteko, Mastodon vs. Twitter izango ditugu aztergai Borja Calvorekin, EHUko Informatika fakultateko irakaslearekin. "Bai baina" tartean, Aurkene Zaldua aholkulari fiskal laborala izango dugu, eta elkarrizketatu nagusi gisa Arantxa Vaillat etorriko zaigu, Parisko Jeu de Paume museoko komunikazio zuzendaria.
Takilla inteligenteak izango ditugu hizpide 11:00etan Hapiickeko Ian Espositorekin eta Iruñeko Bigarren Zabalguneko Beunza harategiko Javier Salaverrirekin. Jarraian, herri txikietako osasun zerbitzuen egoera aztertuko dugu Mendexa-Amoroto herri plataformako Jone Lakarekin, Olatz Zumaran erizainarekin eta Mario Lopez Mateo medikuarekin. Iparraldeko informazio lokalaren tartean, berriz, Elikagai Bankuaren bilketaz hitz egingo dugu Filgi Claverierekin.
12:00etan, berriz, ipuinak izango ditugu. Hasteko, Amaia Elizagoienek eta Irati Zelestinok ipuin kontaketa musikatuaz hitz egingo digute. Ondoren, "Heldu da kontua" zirkuituko saridunekin hitz egingo dugu, Maider Altzelairekin eta Mireia Delgadorekin. Azkenik, "Euskal piratak" berrargitatzeaz ariko gara Iñaki Mendizabalekin. "Gure Erlauntza" tartean, berriz, produkzioa izango dugu abiapuntu Balerdipeko Erleetako Inaxio Arinekin eta Erika Olaizola aktorearekin.