Azaroak 17, osteguna
Jose Ignacio Asensio, "Faktoria"n
EITB Media
Gipuzkoako Ingurumen diputatu, Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi eta foru hauteskundeetarako hautagaia elkarrizketatuko dugu 8:30ean.
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu, Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi eta foru hauteskundeetarako hautagaia izango da ostegun honetan "Faktoria"ko gonbidatu nagusia. Oihane Yustosek gidatutako saioan, 08:30eko tartea hartuko du elkarrizketak.
Solasaldian Iker Rioja, Ainhoa Etxaide eta Javier Arrieta izango ditugu eguneko gaien inguruan hitz egiteko. Tartean, Frantziako Asanblea Nazionalak esku artean duen lege proposamena izango dugu hizpide. Frantzia osora zabaldu asmo dute intsumisoek zezenketen debekua, ondorio zuzena lukeena Ipar Euskal Herrian. Gaiaren inguruan entzungo ditugu Daniel Camblong Hazparneko zezen plazako albaitaria eta Mixel Esteban Baionako berdeen hautetsia.
Zortzietako albistegiaren aurretik, EITBPodkasteko ekoizpen berri baten berri ere izango dugu. "Harresi ikusezina"k Irundik igaro diren migratzaileen ahotsa jasotzea du helburu. Cristina Tapia Huici aurkezle eta zuzendaria elkarrizketatuko dugu.
Lekukoa Maider Segurolak hartuko du 10:00etan, magazinari ekiteko. Hasteko, betiko kantuen kontu berriak izango ditugu. Batetik, Emilio Txurruka ezagutuko dugu, "Pintto pintto" kantua entzun eta zabaltzeko lehen urratsak eman zituena; gainera, Sabin Lopez De Guereño elkarrizketatuko dugu, "Ikusi mendizaleak" abestiaren sortzailea. "Bai Baina" tartean, Dom Campistronen ahotsa entzungo dugu, eta, elkarrizketa nagusian, berriz, Iñigo Lopez Simon izango dugu; kinkiei buruzko tesia osatu du, eta hortik Bilboko etxola batean eta Los olvidados liburuak idatzi ditu.
11:00etan, Laida Basurto Radio Euskadiko lankidearekin hitz egingo dugu, duela 20 urte Galizian izan baitzen Prestige itsasontziaren tragediaren berri ematen, eta, orain, 20 urte geroago, hantxe izan baita berriz ere. Jarraian, Karmen Amezua izango dugu, semea mendian hil zitzaion, eta "Hitz egin dezagun heriotzaz" izeneko hitzaldia emango du orain. Nafarroako informazio lokalaren tartean, gainera, Beñat Sanchez-Valverde ezagutuko dugu, Backflip Navarra gimnasioko entrenatzailea eta parkour erakustaldiko parte-hartzaileetako bat.
12:00etako ordua, tortila jaten abiatuko dugu. Aitor @tortibilbo Instagrameko kontuaren kudeatzailea da, eta Bilboko tortila onena dastatzera joko dugu harekin. Jarraian, munduan zehar argazkiak ateratzen dabilen Igor Altuna bidaiari, argazkilari eta JMA giltza enpresako nagusia ezagutuko dugu. Azkenik, Irene Sarrionandia 73 urteko korrikalariarekin mendian ibiliko gara.