40 urte
Euskadi Irratiak herritarrekin ospatuko du bere 40. urtemuga gaur
EITB Media
"Faktoria" albistegia Gasteizko Azoka Plazatik egiten ari da Iñaki Guridi, eta magazina, Iruñeko Geltoki aretotik, Maider Segurolak. "Baipasa"ko lantaldea, Olaia Urtiaga gidari dutela, Bilboko Azkuna zentroan egongo da arratsaldean.
Euskadi Irratia sortu zela 40 urte bete dira gaur. Euskal gizartearen 40 urteko ibilbidearen berri eman duen irratiak urtemuga etorkizunari eta ditugun erronkei begira ospatuko du.
Hiru irratsaio nagusiak kalera aterako dira egun berezi hau herritarrekin partekatzeko. "Faktoria" albistegia Gasteizera joan da, eta Azoka Plazatik egiten ari da Iñaki Guridi eguneko albiste nagusien kontakizuna eta analisia goizeko zazpietatik aurrera. 10:00etan, "Faktoria" magazineko lantaldeak hartuko du lekukoa; Iruñeko Geltoki aretotik arituko dira Maider Segurolaren gidaritzapean. Entretenimendua eta informazioa uztartzen dituen arratsaldeko "Baipasa" saioak Bilboko Azkuna Zentrotik egingo du emankizuna Olaia Urtiaga buru dela.
Irratiaren iragana eta etorkizuna aurrez aurre jarriko ditu "Faktoria" albistegiak, egungo eta lehengo langileen bitartez (Irati Barrena-Jon Aizpurua; Julen San Martin-Joxelu Aranburu; Julian Beloki-Ane Zuazubiskar). Halaber, Euskadi Irratiak izan dituen zuzendarien gogoetak bilduko dituzte (Joxe Mari Otermin, Odile Kruzeta, Rosa Diez Urrestarazu, Felipe Juaristi eta Gorka Etxebeste). Arabak eta Gasteizek 40 urtean izan duten bilakaera soziolinguistikoaz mintzatuko dira Iñaki Martinez de Luna soziologoarekin, eta Miren Narbaiza MICEren zuzeneko emanaldia izango dute.
"Faktoria" magazina Iruñerriko Burutik taldearen musikak girotuko du. Irratigintzaren bilakaera aztertuko dute Bingen Amadoz (Euskadi Irratiko beteranoa), Iosu Ganuza (Euskalerria Irratia) eta Bakarne Atxukarrorekin (kazetari eta idazlea). Bestalde, Iruñeko leku esanguratsuetan barrena ibilbidea osatuko dute: Geltoki merkatua, Nafarroa Arena eta Gayarre antzokia. Errigorako saski baten zozketa ere egingo dute, besteak beste.
Azkenik, "Baipasa" saioak 40 urtean nola aldatu garen aztertuko du Maite Albes estilistarekin eta Nora Inoriza diseinatzailearekin. Irratiaren inguruko solasaldia egingo dute Ane Zabala (Bilbo Hiria Irratia), Javi Onaindia (Bizkaia Irratia) eta Joseba Agirreazkuenagarekin (historialaria). Asteazkenetako Zer ikusi tertulia ere izango dute Azkuna zentrotik zuzenean. Gaizka Izagirre, Ibai Zabala eta Eider Saez ohiko solaskideei Rakel Esparza Azkuna Zentroko komunikazio arduraduna batuko zaie.