Itxi

Euskara

Felix Zubia: "Pertsona bat bere hizkuntzan ez artatzeak arriskuan jartzen du pertsona horren osasun arreta"

Itxaso Leon Kareaga | EITB Media

Leer en Castellano

Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Uliazpi Fundazioaren kasua izan du hizpide Euskadi Irratiko osasun Etxea irratsaioan, EAEko Justizia Auzitegiaren epaia ezagutu ondoren.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Osasun arreta norberaren hizkuntzan jasotzeko eskubidea izan du hizpide igande honetan Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko Osasun Etxea irratsaioan, Uliazpi Fundazioaren kasuaren harira. Haren aburuz, Euskadiko Justizia Auzitegiaren epaia "osasun arreta kalitatezkoa jasotzeko eskubideari kontra egitea" da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dagoen fundazioa da Uliazpi, eta adimen urritasuna duten pertsonen eta beren familien bizi kalitatea garatzen laguntzen duten zerbitzuak eskaintzen ditu. Zentro horretan, 34 lanpostutarako oposizio deialdia egin dute eta, 32 kasutan, euskarazko B2 profila eskatu dute hizkuntza eskakizunean.

Euskadiko Justizia Auzitegiak ebatzi du gehiegizkoa dela eskakizun hori, arrazoituta Uliazpin plazen % 94arentzat aurreikusten dutela euskara eskakizuna, eta euskararen normalizaziorako legeak % 65,5ekoa daukala ezarrita. Hala, "gehiegizkotzat" jo du eskakizuna, eta aurkako ebazpena igorri du. Gipuzkoako Foru Aldundiak ebazpena baztertu eta Uliazpiko erabiltzaileen hizkuntza eskubideak irmo defendatuko dituela adierazi du, eta helegitea ipintzeko asmoa daukala.

Epaiak hautsak harrotu ditu, eta, sortutako zalapartaren ostean, Zubiak "bestelako ikuspegi bat" proposatu nahi izan du, osasun langile batena. Nabarmendu duenez, osasunak eta hizkuntzak bat egiten dutenean, bada beste ikuspegi bat, herritar gisa norberak daukan hizkuntza eskubidetik harago, "osasun kalitatezko bat jasotzeko eskubidea" alegia. Azpimarratu du ez dela bertako kontua, mundu osokoa baizik, eta literatura zientifikoan hala dagoela jasota.

Felix Zubia: "Osasun arreta pertsonen arteko elkarrizketak eta elkarrekintzak dira"

"Horrek, ezinbestean, norberaren hizkuntza erabiltzea dakar", gaineratu du, eta, "hori hala egiten ez bada, osasun arretaren kalitatea jaitsi egiten da". Zubiaren arabera, pertsona bat bere hizkuntzan ez artatzeak "hilkortasuna handitzen du, akatsak izateko arriskua areagotzen du eta arriskuan jartzen ditu pertsona horren arreta, segurtasuna eta bizipenak".

Zer nahi duzu, mediku ona ala euskalduna? galderaren aurrean, Zubiak ezinezko deritzo pertsona bati bere hizkuntzan ez bada kalitatezko arreta eskaintzeari: "MIR azterketarako, Espainiako Estatuak gaztelerazko C1 maila eskatzen die atzerritarrei, eta mundu guztiak onartzen du, hala delako eta behar duelako". Hala, gogorarazi du osasun langile batek asko jakin dezakeela, baina osasun arreta "pertsonen arteko elkarrizketak eta elkarrekintzak" direla, azken finean.

Hizkuntza lanabes

Zaintza mota guztietarako norberaren hizkuntzan aritzea zein baliagarria den irudiztatzeko, bere begiz ikusitako kasu bat kontatu du Zubiak.

Pertsona batek iktusa izan zuen, medikua gazteleraz hitz egiten saiatu zitzaion eta, gazteleraz ondo erantzuten ez zionez, afasia diagnostikatu zioten. Ondoren, Zubia bertaratu eta pazientea euskaraz bizi-bizi aritu zenean, ondorioztatu zuten gizonak ez zuela afasiarik eta hizkuntza arazoa besterik ez zela.

Hori "bereziki larria da buruko osasunaz ari garenean, daukagun tresna nagusia hizkuntza baita", azaldu du. Izan ere, horren bitartez azalduko du pertsona batek "zein umoretan dagoen, lo nola egiten duen edo zein bizipen dituen", eta neurtuta dago "pertsona bati bere hizkuntza adierazpenean aldaketa egiten bazaio, diagnostikoak ez direla ondo egiten".

Ondorioz, Uliazpiko pazienteei arreta egokia emateko "ezinbestekoa" da Zubiarentzat bi hizkuntzak ondo menperatzea, balorazioak ondo egiteko. "Horri kontra egitea kalitatezko osasun arreta bati kontra egitea da", amaitu du.

Audioak (1)