Faktoria
Ez egin pixa kalean!
Erredakzioa
Euskadi Irratia
Herri eta hirietako taberna inguruetan bizi direnek birritan pentsatu behar dute festa egun baten biharamun goizean ezkaratzetik ateratzerakoa.
Zikinkeria nonahi: garbi behar zuten kaleak edalontzi, botila eta bezperako jaiak utzitako bestelako hondakinez josiak. Hori, begietatik sartzen zaiguna … Sudurretik berriz, pixa usain sarkorra. Bezperan edozein kale kantoian maskuria hustea erabaki dutenek utzitako opari desatsegina.
Jokaera erabat salagarri hori desagerrarazteko neurri tinkoak hartu dituztenen artean, Barakaldoko udala dugu. Kalean pixa egitea udal araudian debekatzeaz ez ezik, isun ekonomikoak ere ezarri dizkie udalak arau hori urratu duten herritarrei. Iaz 324 isun guztira : 150 euroko zigorra, erdira murriztu litekeena berehala ordaindu ezkero. Horietatik %80 adinez nagusi direnen kasuak izan dira. Salaketen 2/3 berriz, asteburuen ostean etorri dira.
Estatistikaren arabera, gainera badirudi eraginkorra izan dela Barakaldoko udalak hartutako erabaki zigortzailea … Iaz 324 isun jarri bazituzten, aurten 9 hilabetetan zehar 64 salaketa jartzera pasa dira eta.
Barakaldotik Donostiara
Donostian berriz, bizilagunena izan da pixaren arazoari aurre egiteko ekimena. Sentsibilizazio kanpaina hasi zuten duela aste batzuk Alde Zaharreko auzo-elkarteko kideek eta lehenengo emaitzak jasotzen hasiak dira dagoeneko. ‘Ez egin pixa kalean’ lelopean ari dira lanean.
Estropadetan egin zuten proba. 12 komun mugikor gehiago jarri zituzten alde zaharrean, eta bertan ikusi eta bizitakoaren arabera, jendeak erabili zituen.
Oraindik ere asteburuetan kale kantoiak eta ezkaratzak usain gogaikarriez betetzen dira eta hau horrela izanik sentsibilizazio kanpainarekin jarraitzea erabaki dute alde Zaharreko auzokideak