Euskadi Irratiak 30 urte
'Irratia Euskaraz' jardunaldiak, Euskadi Irratiaren eskutik
Erredakzioa
EITB taldeko irratiaren 30. urtemugaren barruan antolatu den ekimena azaroaren 20 eta 21ean burutuko da Koldo Mitxelenan.
Azaroa ospakizun hilabetea izaten ari da Euskadi Irratiarentzat. Hilaren 23an irratia sortu zeneko 30. urtemuga beteko da eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Azaroaren 20 eta 21ean 'Irratia Euskaraz' jardunaldiak izango dira Koldo Mitxelenan.
Azaroaren 20 eta 21ean 'Irratia Euskaraz' jardunaldiak izango dira Koldo Mitxelenan. Jardunaldiak azaroaren 20an hasiko dira. Aurkezpena, Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariak egingo du. Jarraian, Koldo Ordozgoiti kazetariak eta Arantza Gutierrez irakasleak atzoko eta gaurko irratiaz hitz egingo dute.'Hitza irran ereiten' izenburupean, Ordozgoitik euskal irratigintzaren historia laburbilduko du lehenik eta behin. Arantza Gutierrez Informazio Zientzietan doktoreak hartuko du hitza ondoren. EHU/UPVko Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslearen hitzaldiak 'Soinu eta kolorez beteriko espazioak sortzen eta mugak apurtzen dituen hedabide zahar-gaztea' izenburua du. Gaur egungo irratiaz duen ikuspegia azaldu ostean, solaserako tartea zabalduko dute.
Asteazkenean (azaroaren 21ean), irratiaren etorkizunari helduko diote Euskadi Irratiaren jardunaldietan. Joseina Etxeberria Gazteako esatari eta 'Dida' saioko gidariarekin batera, Xabi Erkizia artista eta musikariak hartuko du parte. Irratian soinu esperimentu berriak lantzeko aukeraz eta audioaren garrantziaz mintzatuko dira, besteak beste.
Ekitaldia amaitzeko, Anjel Alkain aktoreak eta Jose Luis Padron poeta eta Euskadi Irratiko esatariak irratiko bost ezaugarriren inguruan irudimen eta umorez eginiko adierazpen artistikoa edo performance-a prestatuko dute.
1982ko azaroaren 23an egin zuen lehen emanaldia Euskadi Irratiak. Urteurreneko egunarekin bat eginez, ekitaldi nagusia ospatuko dute Donostiako San Telmo Museoan, arratsaldeko 19:00etan.
Bertan, hiru sari banatuko dituzte: entzule leialenari Gertu saria emango zaio, 30 urteotako irratsaio nabarmenenari Irratia saria eta iragarkiak betidanik jarri dituenari Fideltasun saria. Dora Salazarren grabatu bana jasoko dute.
2012, ospakizun urtea
Euskadi Irratiak 30 urte ekimenaren barruan, beste hainbat ekitaldi burutu dira aurten. Maiatzean gastronomia topaketa egin zen Andoainen, Kilometroak 2012rekin bat eginez: 'Faktoria'ko Sukaldari Dema, Igor Zalakain eta Pili Manterola protagonista dituena, zuzenean ikusteko aukera izan zuten herriko plazara hurbildu zirenek.
Ekainean, Irratilagunak egitasmoa antolatu zuten San Telmo Museoan. Euskadi Irratian askotan solaskide izan diren Ramon Etxezarreta eta Pernando Barrena aurrez aurre izan ziren, gaurkotasun handiko gaiei buruz eta irratian izandako esperientziaz hizketan.
Irailean, 30. urteurrena ospatzeko Kukuxumuxuren eskutik plazaratutako kamiseten aurkezpena egin zen San Telmo Museoan. Bertan, Euskadi Irratiaren bidelagun izan diren hainbat kirolarik hartu zuten parte: Leire Olabarria, Mikel Odriozola, Inaxio Perurena, Mikel Orbañanos, Josune Bereziartu, Rikar Otegi, Ander Vilariño, Oinatz Bengoetxea, Lucia Ybarra eta Estefania Correa.
Azaroaren 2an Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua egin zen Donostiako Kursaal Jauregian eta hilaren 11an Imanol Cover lehiaketako finalisten kontzertua ospatu zen Donostiako Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan. Ainara Ortega donostiarrak irabazi du, Imanol Oroituz taldearekin batera abeslari handiaren omenez antolatutako lehiaketa.
Bestalde, Euskadi Irratiaren 30. urteurrenaren karietara, euskarazko irratigintzaren historiaren errepasoa egin da 'Irratigintza Euskaraz' izeneko tartean. Koldo Ordozgoiti kazetariak 61 kapituluetan kontatutako euskal irratiaren historia eskura dago eitb.com-en, urteurreneko webgune berezian.
Halaber, TOP30, Euskadi Irratiaren historian gehien irratiratu diren abestien zerrenda osatu dute, eta, programazioan, urrian eta azaroan, urteurreneko gaiak ari dira jorratzen 'Faktoria' eta 'Mezularia' saioetan.