Amarauna
Anjel Lekuonaren istorioa eta Nafarroaren Eguna hizpide 'Amaraunean'
Alemaniako Flossenburg kontzentrazio eremuan hil zuten Lekuonaren hilobarekin hitz egingo dute 'Amarauna' saioan larunbatean, eta Baigorrin ospatuko den Nafarroaren Egunera hurreratuko dira igandean.
Larunbatean eta igandean, 10:00etatik 13:00etara zabalduko ditu mikrofonoak Arantxa Arzak gidatzen duen 'Amarauna' saioak, Euskadi Irratian.
Antton Lekuonak bere aitona Anjelen istorioarekin zabalduko ditu 'Amarauneko' ateak larunbatean. Anjel Lekuona Alemaniako Flossenburg kontzentrazio eremuan fusilatu zuten, eta hilobak bertatik kontatuko du busturiar haren istorioa. Ondoren, Bilbora egingo dute salto, Zientziaren azoka egingo baitute zientzialari gazteen proiektuak erakusteko. Donostiara ere hurreratuko dira; izan ere, perkusio topaketa egingo da bertan, eta soinuak bilduko dituzte.
Gastronomiak ere izango du bere lekua Dani Lasa Mugaritz jatetxeko sukaldariaren eskutik. Aurtengo denboraldirako prestatu dituzten errezetarik berrienak erakutsiko ditu. Saioaren amaieran, bestalde, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi emaztearekin hitz egingo dute, Dantza Eguna dela eta Ikerkuntza saria jasoko baitute, eta Dantzaz konpainiaren erakustaldia jarraituko dute, Mandasko Dukea kalean herritarren artean dantzari gazteek euren artea erakutsiko baitute.
Igandean, bestalde, mendi artera eta itsasora bisita egingo du 'Amaraunak'. Baigorrin Nafarroaren Eguna nola hasi duten jasoko dute lehenengo, eta, ondoren, Britainia Handian estreinatu eta Getxon porturatuko den munduko itsasontzi turistiko ederrena bisitatuko dute.
Bestalde, Pampi Ladutxek eta Roberto Garcia Ariñok Baionan eta Bilbon jokatuko diren esku-pilotako 2 finalez hitz egingo dute. Gema Arrugaetarekin Arantzazun ipini duen naturari buruzko erakusketa ikusiko dute, eta, blogarien atalean, Benito Fitz, Joxe Rojas eta Josu Lezama izango dituzte. Horrez gain, Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren egunean, Garretan antzezlanaren aurkezpenean ere egongo da 'Amarauna', Bakearen eta Berradiskidetzaren aldeko Gernika Sariak banatzen diren egunean.