Lampedusatik bueltan
'Bere txikitasunean, errealitate asko barne hartzen ditu irla honek'
Naiara Retegi eta Idoia Hernandez, Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkarteko kideak, Lampedusan bizitako kontraesanez eta konplexutasunaz mintzatu zaizkigu
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Duela bi aste Harresirik Gabeko Lurraldeak ekimenaren berri izan genuen. Errenteriako Mikelazulo Kultura Elkarteko lagunek antolatuta, Lampedusa italiar irlarako bidaiaz mintzatu zitzaizkigun bertako Beñat Irasuegi eta Txokolo Gurrutxaga. Hain zuzen ere, Lampedusara abiatu baino bi egun lehenago izan ziren gurean.
Mediterraneoko uretan, Libiatik 150 kilometrora, milaka eta milaka iheslariri harrera egiten dien Lampedusa irlan astebeterako egonaldia egitera zihoazen hamalau lagun, helburu argi batekin: ikustea eta sentitzea, eta handik itzultzean, bizitakoa kontatzea.
Bueltakoa ere egin dute… Eta gaur gurean izan ditugu Naiara Retegi eta Idoia Hernandez, Mikelazulotik Lampedusara abiatutako taldeko bi lagun. Aitortu digutenez, oraindik guztiz lur hartu barik, nahiz eta asteazkenean itzuli ziren Italiatik. Bizitakoa indartsua izan da eta informazio asko jaso dute. Askavusa italiar boluntario elkartearekin batera ibili dira Lampedusan, hango errealitatea ahalik eta modurik globalenean ulertu nahian. Turismotik bizi den Lampedusan, Mediterraneoko turkesa koloreko uretan bainua hartzen egon zaitezke, irlan ematen diren beste errealitate paraleloetatik guztiz oharkabe. Iheslarien berri edo irlak bizi duen militarizazio gogorraren berri izan nahi baduzu, informazioaren bila joan ezean, "ez duzu ezer ikusiko", Retegik eta Hernandezek azpimarratu duten moduan.