Urtarrilaren 15ean
Elurretan hazteaz, igandean, 'Amarauna' saioan
L.B.
EiTB
12 urteko June Garitanoren bizimodua ezagutuko dugu. Jakan bizi da, eski estaziotik gertu, eski munduan goi mailari eusteko.
Sierra Nevadan dira June Garitano eta haren gurasoak. 13-14 urtekoen Espainiako Kopako eski probak dituzte jokoan asteburuan, eta Junek Jakako eski taldearekin hartuko du parte bertan. Gurasoekin hitz egingo dugu igandeko 'Amarauna' saioan.
San Telmo museoan ere izango gara, itsuentzako erakusketaren berri emateko. "Prado Eskura" du izena. Itsuek ikutu ahal izango dute Pradotik erakusgai izaten diren artelanak.
Eguerdian, Bilbora egingo dugu, 'El Conquistador del Caribe' hasi bezperan, erronka egingo dutelako Conquiseko aurpegi ezagunek saioko jarraitzaileen aurka. Joxean Goñi saioko zuzendariak emango digu erronkaren berri, eta astelehenean ETB2n estreinatuko duten edizio berriaren inguruan galdetuko diogu.
Euskal komunitatea sare sozialetan nolakoa den aztertuko dugu Koldo Diazen eskutik. Eta, igandero bezala, blogariak izango ditugu teknologia munduko nobedadeen berri eman diezaguten. Joxe Rojas, Benito Fiz eta Josu Lezameta izango ditugu.
Igandean, gainera, Txillardegi hil zela 5 urte beteko dira. Beste behin egingo dute eskaera Donostiako liburutegi nagusiari haren izena jartzeko 'Txillardegi liburutegia' herri ekimeneko kideek. Ekitaldi andana prestatu dute. Ostiralean, San Jeronimoko kriptan eman dute Txillardegi gogoan ikus-entzunezkoa Jose Luis Alvarez Enparantza idazle, hizkuntzalari eta politikaria eguneratzeko; eta, igande goizean, berriz, Lasala plazan ekitaldi literario musikala eskainiko diote, eta hantxe izango gara, Fito Rodriguez idazlearekin.