Espetxean izan nuen semea
Kristina Gete espetxean izan zen ama:"Eskuburdinak erditze unera arte"
Kartzelan ama izan zen Kristina. 46 urte, Donostian jaio, Oiartzunen bizi. 1998an atxilotu zituzten bera eta, garai hartan bere bikotekidea zena. 11 urte kartzelan. Barruan jaio zen semea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Egunotan Oiartzun handia ari du izaten Sara Majarenas eta Izar haren alabaren kasuak. Majarenas Valentziako Picasent espetxean ari zen kondena betetzen eta hantxe izan zen ama orain hiru urte. Ama alabak bereizi egin behar zituzten hasiera batean baina epaileak erabaki du, momentuz, Sara eta Izar elkarrekin mantentzea, bigarren gradua onartu diote eta Madrilen zaintzako zentro batean daude biak.
Aitak umeari eraso egin zionetik umearen zauriek hobera egin badute ere, psikologikoki eragin dizkion kalteak kontuan izanda, kasua oso berezia da eta ama-alabek elkarren beharra inoiz baino gehiago dutela diote familiakoek eta haien aldeko plataformak. Majarenasek bere kondenaren hiru laurdenak aspaldi beteta ditu eta biak etxera ekartzea eskatzen dute.
Kasu gehiago ere badira: Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoek urtarrilean izan zuten Xua. Aitak ez zuen erditzean egoteko baimenik izan eta umea jaio eta 20 egunera ikusi zuen lehen aldiz. Geroztik, astean behin edo bitan ikusiko du umea. Haurra jaio eta berehala, amona biloba ikustera zihoala, osasun arazo bat izan, eta ospitalera eraman behar izan zuten zainketa berezien sailera; hil ala bizi egon ondoren, duela gutxi irten da arriskutik.
Datu orokorragoak:
ETAkoak ez diren guraso presoak ere badira espetxean. Frantziako espetxeetan 76 ama daude preso beren haurrekin, hango legediaren arabera, haurra 18 hilabetera arte egon daiteke amarekin batera barruan, gero kalera irten beharko luke derrigorrez. Espainian, aldiz, hiru urtera arte egon daiteke haurra amarekin kartzelan. Une honetan bi presondegitan daude ama presoak: Valentzian Picasenten eta Aranjuezen, Madrilen. 119 ama eta 122 haur daude Espainiako espetxeetan.
Kartzelan ama izatea erabaki zuen preso baten testigantza izan dugu 'Amarauna' saioan; Kristina Gete Etxeberriak 46 urte ditu, donostiarra da jaiotzez, eta Oiartzunen bizi da orain. 1998ko maiatzaren 2an atxilotu zituzten bera eta garai hartan bere bikotekidea zena. 11 urte egin zituzten kartzelan, 2009ko apirilaren 30ean geratu ziren aske. Tarte horretan jaio zen Valentziako Picasent espetxean Gesala euren semea; 11 urte ditu gaur egun.
ditu gaur egun.