Elkartasuna
Elkartasuna ardatz, lankidetzaz eta bakoitzak egin dezakeenaz aritu gara
AA|Euskadi Irratia
Elkartasunaren Nazioarteko eguna aitzaki, euren egunerokoan musu-truk besteak laguntzen dituztenekin hitz egin dugu. Izan norbanakoa edo elkarte baten barruan lanean dihardutenak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Elkartasunaren nazioarteko eguna da gaur. Nazio Batuen Erakundeak herrien arteko hartu emanak solidaritatean oinarritu behar zirelakoan zehaztu zuen eguna. Askorentzat ezinbesteko balioa da elkartasunarena, egunerokoan besteei ezeren truke lagundu eta bizi baldintzak hobetzeko prest direnak. Adibide anitz daude, horien artean batzuk nabarmendu ditu.
Mundukide Fundazioko Josu Urrutia zuzendariarekin hitz egin dugu, Mozambike, Brasil, Etiopia, Ekuador eta Kolonbian proiektu ezberdinak bultzatzen dituzte. Landa eremuko jendearekin lan egiten dute batik bat: "Behar gehien dituztenekin lan egiten dugu, euren bizi baldintzak hobetzeko. Mundua ez doa ondo, ezberdintasun ekonomikoak gero eta handiagoak dira. Kooperazioa, batzuei lagundu eta gure gizartean mezua bidaltzea da". Bizkaiko Abokatuen Elkargora ere jo dugu, euren aurrekontuaren %1 proiektu solidarioetara bideratzen dute. Jaione Altunak azaldu dizkigu xehetasunak.
Bi adibide horiek nazioartera begira baina gurean ere badago nori lagundu. Nagusilan ekimeneko parte da Mariasun Uriarte: "Gizarte lana egiten dugu, boluntario gehienak jubilatuak gara. Egunero lan txikiak egiten ditugu, bakardadean daudenei lagundu eta zahartzaro aktiboa sustatu". Azkenik, Gasteizko Mendia optikara gerturatu gara; bertan erabiltzen ez ditugun betaurrekoak jaso eta munduko zenbait txokoetara bidaltzen dituzte. Leire Ajuria optikariak aurten jasotako betaurrekoak Senegalera eramango ditu.