Zaldibarko luizia
Eitzaga inguruko airearen kutsaduraz, aditu eta herritarren ikuspegitik
Ingeniari bat, suhiltzaile bat, antropologo bat, bi hautetsi eta Ermua-Eibar-Zaldibar-Elgetako hainbat herritar Euskadi Irratiko mikrofonoetatik hizketan
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Osasun sailetik Eitzagako zabortegi inguruko airearen kutsaduraren berri eman eta biharamunean, zonaldean ibili da 'Amarauna'. Astebetean jazotako handi-aurkien errepasoa egin dute, eta herritarren hitzak bildu ditu Unai Urreagak Eibarko kalean. Jon Iraola ingurumen zinegotziaren iritziak ere jaso ditu.
Luiziaren mingaina begi bistan dute Gipuzkoako Ingenieritza Eskolan. Bertan aritzen da Cristina Peña irakaslea. Zaborren kudeaketa aztertu izan du, bereziki plastikoen birziklatzea. Ikaseekin Verter Recycling-ek kudeatutako hondakindegira txangoa egitea pentsatua zuela esan du, eta istripuak EHUko ikastegian sortu duen kezkaz aritu da.
Eitzagako zabortegia Zaldibar udalerriko lurretan dago baina Elgetako mugak oso gertu ditu. 200 metro ingurura dago muga hori, Elgetako alkateak, Iraitz Lazkanok zehaztu du Egoetxeaga auzoa ere oso gertu dagoela eta krisia jarraitzeko mahaian egoteko eskaera birritan egin arren jaurlaritzatik ez dietela erantzun. Herritarren artean egoerak kezka eta ezinegona sortu duela ere azpimarratu du.
Aurreneko orduetako desinformazioaz aritu da erreskate lanetara istripua gertatu berritan joan zen suhiltzaile bat. Amiantoa zegoela ez zietela jakinarazi salatu du, beharrezko babes-jantziak kamioian bertan eraman ohi dituztela eta jakin izan balute haiek jantzita arituko liratekeela.
Oier Araolaza kazetaria eta antropologoa da, baita dantzaria ere. Eibarren koko dantzak egin ohi dituzte inauterien atariko. Osasun sailak kanpoko jarduerarik ez egitea aholkatu duen arren, dantzariek baserriz baserriko eskeari eustea adostu dute, baserritarrekiko elkartasunez hartu dute erabakia Araolazak azaldu duenez.
Maria Jesus Arrondoren baserritik, Etxebarritik, parez pare ikusten da Eitzagako zabortegia zena. 400 metro ingurura du. Nahikoa lasai dagoela esan du Arrondok, kezkarik handiena kanilako ura ezin erabiltzearena du. Ez erabiltzeko esan diote agintariek; ez edateko, ez kozinarako ezta aurpegia garbitzeko ere.