Lan gatazkak
Gipuzkoako erresidentzietako langileen itxialdian izan da 'Amarauna'
236. greba eguna dute, baina Gipuzkoako zahar etxe eta eguneko zentroetako langileek tinko eusten diete borroka abiarazi zieten arrazoiei. Asteazkenetik Donostiako Emakumeen Etxean daude gau eta egun.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Eva Luis Burgosek eta Miren Rivera Garmendiak hitz egin dute 'Amarauna' saioko mikrofonotik. Eguneko zentro batean aritzen da bata, erresidentzia batean bestea. ELA sindikatuko kide dira eta greban ari dira beren eskubideen alde. Zahar etxeetako langileak aspalditik ari ziren lanuzteak egiten tarteka, baina azaroaren 11az geroztik greba mugagabean ari dira. Zaintzen dituzten gizon emakumeei behar bezalako arreta eskaintzeko aldaketak egitea ezinbestekoa dela diote. Eta horretarako beren soldatak igotzea eta langile gehiago kontratatzea exijitzen diote Foru Aldundiari. Beren kasuan gizonekiko soldata arrakala %30ekoa salatu dute.
Aintzane Orbegozo alor sozio-sanitarioko arduraduna da ELA sindikatuan. Gogor kritikatu du Gipuzkoako Foru Aldundia. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira erakunde horrek egin duen adierazpen instituzionalak min egin diela esan du: "Zaintza erdigunean jarri eta soldata arrakalarekin amaitu nahi dutela diote, baina ez dute pausurik eman gure arazoa konpontzeko. Behin eta berriro propaganda egiten du (Gipuzkoako Foru) Aldundiak. Martxoaren 8aren atarian gaudenez txapa morea jarri nahi dute, purple washing esaten zaio horri".