EMAKUMEAK ETA MENDIZALETASUNA
"Marimendik zerbait lagunduko zuen!" pentsatu ohi dut, emakumeak mendian ikustean
Marian Arinek "ideia on bat" izan zuen duela hamabost urte: 40 urtetik gorako emakume talde batek berdintasunaren aldeko aldarria egitea Mont Blac-eko gailurretik. Horrela sortu zen Marimendi.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Cosmiques aterpetxean piztu zitzaion txinparta Marian Arini, 3,613 metrora, Mont Blanc-en hegal batean. "Refugioko paisajea, emakume baten ikuspegitik, desoladorea zen". Inguruko ia mendizale guztiak gizonezkoak zituen. Eta pentsatu zuen "hau ez da normala". Eta bururatu zitzaion goi-mendizaletasunean ere bazegoela berdintasuna aldarrikatzeko premia, eta pentsatu zuen ekintza propagandistiko bat egin beharra zutela. Pentsatu eta egin. Gutun bat idatzi zuen eta, ezagutzen zituen gizonezko mendizaleen bitartez, ezagutzen ez zituen emakumezko mendizaleak gonbidatu zituen abentura hartara batu zitezen. Euskal Herriko hainbat eskualdetara zabaldu zuen mezua. Azaroko aste egun buruzuri batean Zaratamoko taberna zaharrean jarri zuen zita. Hamazazpi emakume azaldu ziren lehen hitzordura, eta hor sortu zuten Marimendi taldea.