Tolosako klinikaren egoera
"Asuncion Klinikako 43 COVID kasuak ez dira kasualitatez gertatu"
GORKA OTAEGI
Tolosaldeko ospitalea publikoa ez izateak prekarietatea eta inbertsio falta eragiten dituela salatu dute zenbait langile eta eragilek. Zuzendaritzak salaketak ukatu ditu
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Ez dugu 2. mailako ospitalea nahi, beste eskualdeen parekoa baizik". Tolosako Asunción klinikako zenbait langilek uste dute erietxearen "egoera prekarioak" zerikusi zuzena duela bertan izan den COVID agerraldiarekin. "Zuzendaritzak ez dizkigu FFP2 motako maskarak eman, ez dute ospitalearen garbiketa areagotu, positiboekin lan egiten duten langileek beste guztiekin partekatzen dituzte aldagelak eta leku komunak...", dio langile batzordeko Ainhoa Ortizek, "horri guztiari gehitu behar zaizkio ospitaleko langileen lan baldintza kaskarrak, aurrez ere bazituztenak".
"37 langile eta 6 gaixo kutsatzea ez da kasualitatea. Klinika pribatua da eta etekin ekonomikoak lehenesten ditu zerbitzuaren kalitatearen aurretik". Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako Javier Aranak: "gertatutakoak argi uzten du Tolosaldeak Ospitale publikoa behar duela".
Asuncion Klinikako arduradunek, ordea, ukatu egiten dituzte langileen salaketak: "Gure erietxeak Osakidetzako gainontzeko ospitaleen protokolo berberak jarraitu ditu, eta zorrotz. Langileek uneoro izan dituzte eskura beren lan-postuei dagozkien babesak eta eraikina bera ere egokitu dugu COVIDa duten gaixoekin lan egiten duten profesionalak besteekin ez nahasteko". Langileen soladata eta lan baldintzak, berriz, "Espainiako edozein ospitale pribatukoak baino hobeak" direla azpimarratzen dute, "Osakidetzako baldintzetatik hurbil". Datu gisa, zehazten dute Asunción klinikako mediku batek, batez beste, urtean 75.000 euro irabazten dituztela goardiak barne.
Klinikako agerraldia zergatik gertatu den ulertzeko, fokua beste leku batean jarri behar dela uste du Tolosako alkate Olatz Peonek: "Oinarrian dagoen arazoa ez da klinikaren kudeaketa publikoa edo pribatua den, ospitale publikoetan ere gertatu direlako horrelakoak, eta lehen olatuan Asuncion Klinikak ondo eutsi ziolako egoerari". Bestalde, alkateak ospitale publikoaren aldeko jarrera adierazi du, gogoratuz, Eusko Jaurlaritzaren legealdi honetarako gobernu akordioan jasota datorrela Tolosaldean ospitale publikoa eraikitzea. "Udala hasi da jada aztertzen ospitalea non eraiki daitekeen".
Klinikako zenbait langilek, TOPA eta eskualdeko beste zenbait eragilek ospitalearen egoera salatzeko antolatutako manifestazioaren aurretik, Euskadi irratiko Amaraunak gertutik ezagutu du Asuncion Klinikaren errealitatea. Entzun erreportajea.