Itxi

Koronabirusa animaliak bisoiak

Bisoien covid 19 mutazioak eta biharko pandemiak Joxerra Aihartzarekin

Zoologoa, animalia zelulen ikerlaria eta biologiako irakaslea da Ehu-n eta pandemia aurreikusia zela dio,"gorantza datozen gaitz infekziosoez" zientzilariak aspalditik ari zirelako abisu ematen.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Danimarkako gobernuak herrialdeko bisoi haztegietan diren 17 milioiak akabatzeko agindu zuen hilabete hasieran, covid 19aren mutazioak atzeman eta pertsonetara zabaldu zirelako. Irailaz geroztik, kasu berririk ez dela eta desagertutzat eman dute orain agerraldia eta altxa egin dituzte orain bertan ezarritako murrizketa neurriak. Bisoi haztegiak dauden lekuetan koronabirus kasu gehiago zenbatu dituzte eta gaiaz galdetuta, birusa asko ugaltzen den lekuetan gaitza mutatzeko aukera gehiago dela garbi ikusten du Joxerra Ahiartza biologoak, izan pertsonetan edo animalietan, eta honenbestez, bisoien granjak gordailu arriskutsuak edo kontutan hartzekoak direla. Nolanahi ordea, mutazio hauek  txertoen eraginkortasunari eragingo ote dioten ez dago aurrez jakiterik. Ikuspegi ebolutibo batetik, birusek leuntzeko joera dutela dio, bizi diren ostatuaren aurka ez dutela hain gogor egiten, bestela etxeari su ematea litzatekeelako, baina hori gerora ikusten da beti.

Animalietatik pertsonetara salto egiten duten birusen agerpenaz zientzilariak ohartatazten aspalditik ari zirela ere kontatu du, ikusi zutelako 1950etik 2000. urtera bitartean boskoiztu egin zirela halako gaitz infekziosoen agerraldiak. Leku populatuetan eta ingurune eraldatuetan agertzen ari zirela ikusi zuten mendea hasi orduko, eta aurreikusi ere bai, pandemia handi bat gertatuko zela Asian. Inolaz ere ez dela ustekabea izan uste du berak, eta gu geu, halako gehiago izateko arriskuak handitzen ari garela dio, gero eta gehiago hustiatzen ditugulako leku basatiak eta mugikortasuna ere hazi egin delako. Berriz atzora joatean baldin bagara, biharamona gaur da, Joxerra Aihartzak garbi du beste bat etorriko dela eta izan litekeela txarragoa.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)