Gorpuek diotena
Lourdes Herrasti: "Deshobiratzeak amaitzean gorpuak zeuden lekuan jartzen gara"
Gorka Otaegi | EiTB Media
Hobi komunetatik gorpuzkiak atera ostean, Aranzadi elkarteko kideak gorpuen leku eta posizio berean jartzen direla azaldu digu Lourdes Herrasti arkeologoak, "senitartekoek ikus dezaten".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Arkeologoen lana "aurrerapenak egitea eta etengabe hobetzea" dela azaldu digu Lourdes Herrastik. 20 urte baino gehiago daramatza Aranzadi Zientzia Elkartean lanean eta Gerra Zibil eta Frankismo garaiko hobietako gorpuak identifikatzen aritu da. Gorpuzkien generoa zehazteko teknikez, hezurren adina jakiteko moduez edota sekretuak mantentzeaz hitz egin digu; baita arkeologoek desobiratutakoen senideekin duten harremanaz ere: "Momentu gogorrak bizitzen dituzte, hunkigarriak. Batzuk negarrez hasten dira, besteak barrez... bada biak batera egiten dituenik ere. Une horietan beraiekin bat egiten duzu". Enpatia horrek eraginda, zenbaitetan, Aranzadi elkarteko kideak hobi barrura sartu eta bertan topatutako gorpuen leku eta posizio berean jartzen direla kontatu digu Herrastik, "senitartekoek hezurrak ez ezik gorpuak ere ikus ditzaten".
Loizuko gizonaz ere aritu da Herrasti. Duela 11.700 urteko gizakiaren hezurrak topatzea "ikaragarrizko aurkikuntza" dela adierazi du, eta Sakon espeleologia taldearen lana goraipatu. Elkarteko kide Xabi Azanzak garbi oroitzen du hezurrak zeuden lekura iristeko odisea: "bidearen zati handi batean ia etzanda joan behar izan genuen, eta beste batzuetan belaunerainoko urarekin. Argi dago Loizuko gizona beste nobaitetik iritsi zela hara".