Itxi

10 mila pauso

Hamar mila pauso egunean: zein onura ditu, eta jendeak betetzen du?

Gorka Peñagarikano Goikoetxea | EITb Media

MOEk gomendatu du egunean hamar mila pauso egiteko. Ordu eta erdiko paseoa; sei-zazpi kilometro. Mediku bat, TAOko langile bat eta ibiltari-sare bat, gurean.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Munduko Osasun Erakundeak gomendatu du egunean hamar mila pauso egiteko. Alegia, ordu eta erdi inguruko ibilaldi bat; sei edo zazpi kilometro, gutxi gorabehera. Baina eserlekutik altxa eta komunera joateak ez du kontatzen: ordu eta erdi segidan egiteko, edo gutxienez ordu erdiko hiru zati egiteko aholkatu dute. Izan ere, gorputzak hogei minutu inguru behar ditu aktibatzeko, ariketa fisikotzat kontsideratzen hasi ahal izateko. 

Ostaiska Egia kirol medikuarekin hitz egin dugu, eta "mugitzea" dela gakoa adiereazi du. Bizi-ohitura osasuntsuak pixkanaka eta progresiboki txertatzean jarri du arreta eta, bereziki, tartean, atseden hartzearen beharraz hitz egin du. Askok eta askok bizi-eredu osasuntsua izateko egiten du ariketa fisikoa, baina badira lanbideak mugimenduan egiten direnak, eta azkenerako, milaka pauso egiten dituzte lanegunaren amaierarako. Zarauzko TAO zerbitzuan udan lan egindakoa da Anie Paredes, herrian zehar aparkatutako autoak kontrolatzen. Gunearen arabera, gehiago ala gutxiago, 25 kilometro inguru egitera iristen zen.

Batzuk gogoz kontra, lanean, kilometro dezente egiten dituzte, eta beste batzuk, aldiz, nahi dutelako aritzen dira paseoan. Edo hobebeharrez, osasunarengatik. Asko bakarka irteten dira, baina beste asko, taldean. Bilbon esate baterako, ibiltarien sarea dute; eureen deira batu da Ane Agirre lankidea. Jendea animatu eta ohitura osasuntsuak sustatu nahi dituzte.

Pandemia hasi zenetik orain arteko datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Prospekzio soziologikoen kabineteak egindako "jarduera fisikoa eta kirola pandemia garaian" ikerketak dio 10tik ia 8 lagunek kirolarekiko "interes handia" dutela, eta lehen ematen ziotena baino garrantzi handiagoa ematen diotela ariketa fisikoa egiteari. Ikerketarako 18 urtez gorako mila lagun elkarrizketatu dituzte apirilean, eta ondorioztatu dute, batetik, ariketa gehiago egiten duela jendeak (hirutik batek); eta, bestetik, kirola egiteko modua ere aldatu egin duela (bostetik batek). Kirol instalazioak itxita egoteak eta taldekako jarduerak mugatzeak harreman zuzena du horretan. Orain, kirola aire zabalean lehen baino gehiago egiten da, eta bakarrik edo familiak lagunduta. 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)