ERTZAK
Kirol emakume kazetariek jasaten duten jazarpenaz aritu gara Ertzak tartean
Marijo Deogracias | EITB Media
Kritikak emakume izateagatik jasotzen dituztela salatu dute kirol kazetariek, ez euren lanarengatik. Leire Iturregui EHUko irakaslearekin eta Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kirol kazetariarekin aztertu dugu "Baipasa"n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
15 kirol kazetari emakumek egin duten salaketa publikoa hizpide izan du Leire Iturregui EHUko irakasleak "Baipasa"n. Izan ere, "ez da euren lana kritikatzen; emakume izatea kritikatzen dute. Matxismoa da. Letra larrietan", esan du Iturreguik. Mehatxuak, errespetu falta eta irainak euren egunerokoa direlako "nahikoa da" esan dute kazetari horiek era publikoan. Maitane Urbieta Euskadi Irratiko kirol kazetariak ere kontatu digu, jazarpenik ezetz, baina behin Sadarren Osasunaren partida batean, Extremadurako kazetari batek zalantzan jarri zuela bere profesionaltasuna emakumea zelako. "Partidaren kontaketa nik egin behar nuela jakin zuenean: 'pero tú entiendes de fútbol?' esan zidan, serio serio", kontatu digu. Laguntza eta babes falta dago gizonezko kazetarien artean, "aliatuak" izan beharrean, gehitu dute biek ala biek.
Iturreguik azaldu duenez, gainera, emakume izateagatik kirol kazetariek jasotzen dituzten kritikak eta mehatxuak ez dira kirol esparrura mugatzen; kazetaritzan, oro har, gertatzen dira. Eta mezu horiek ez dira sareetara, arlo digitalera, mugatzen. Hori dela eta, salatzea ezinbestekoa da: bai gertatzen dela ikustaratzeko, bai jazartzailea zigortzeko ere.
Ez galdu #ERTZAK @Baipasa saioan!