Gure haria
Iraganeko soinuak nolakoak ziren?
Denboran zenbat eta atzerago egin, orduan eta zailagoa da garai bateko musika nola jotzen zuten eta zein soinu zuen jakitea, baina guk ahalegina egin dugu Baipasan
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Soinua da irratiko lana: ahotsa, musika, zarata noizean behin… Eta soinuari lotutako beste hamaika lagunen berri ere jaso ohi dugu, etengabe, egunero… beraiei esker ere bagarelako gu: musikariak, kantariak, soinu artistak... Eta gaurkoan soinu arkeologo batek piztu digu jakinmina. Parisen, Notre Dameko katedralaren eraberritze lanetan, ba omen dabil soinu arkeologo bat ere lanean. Egia esan, ez da titulu ofiziala soinu arkeologoarena. Mylène Pardoën izeneko soinu ikerlariak bere buruari jarri dion titulua da. Garai bateko soinuak izan zitezkeenak erreproduzitzen ditu berak. XIII.mendean Notre Dame eraiki zutenetik 2019.urteko sutera arte, katedral barruko eta kanpoko soinuak birsortu. Gero, katedraleko berritze lanetan erabiltzen dituzten materialek soinu horiek erreproduzitzean nola jokatzen duten aztertu, zer eta garai bateko Notre Dameko akustika berezia berreskuratzeko asmoz. Karlos Sanchez Ekiza musikaren historian adituak, Jose Rios Bilboko Arkeologi Museoko teknikariak, Aitor Gurtubay arkitektoak eta Mikel Ansola organo joleak antzinako soinuei buruz eta espazio diferenteetako akustikari buruz hitz egin digute. Sakatu play eta entzun kontatu diguten guztia!