GURE HARIA
Zer ezkutatzen dute traola klikagarriek?
ALOÑA BERAZA | EITb Media
Traolak sareetan jaun eta jabe direla dirudien honetan, bitxienak eta klikagarrienak aukeratu ditugu bakoitzaren atzeko istorioa ezagutzeko asmotan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Traola bat zer den jakitearekin nahikoa ez, eta horien erabilgarritasuna ulertzea kosta egiten da askotan. Sareetan bolo-bolo zabaltzen dira, argazki-oinetan idatzi ohi den testuaren segidan eta askotan kolore urdinarekin idatzitako hitz solte horiek. Guk sareetan igerian topatutako traola bitxienak eta klikagarrienak bildu ditugu eta sortzaileen bila jo dugu.
#Amateurharrotasuna-ren atzean zer dagoen kontatu digu Maite Martinez De Arenazak, La Taller grabatu guneko arduradunak. Kontatu digu La Tallerreko aretoa artista profesionalen lanekin betetzen duten arren, sortu dutela beste erakusteko gune bat profesionalak ez direnentzat, baina oso lan onak egiteko gauza direnentzat; Erredakzioa du izena.
#Horesketxadago antzerki obraz aritu da, bestalde, Maialen Sorzabalbere Barrexerkako kidea. Antzerki obretan lantzen dituzten oinarriak hiru direla kontatu du; sketxak, bakarrizketak eta antzerkiak. "Hor esketxa dago" du izena estreinatzear den obrak, martxoaren 4an izango da ikusgai Donostiako Gazteszenan.
#MotxianEby traolak ezkutatzen duen bideo laburren lehiaketaren berri eman digu Joxe Luix Agirretxek, Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara Saileko zuzendariariak. Lehenengo erronka abian da, eta Kai Nakai izango da aurtengo erronkak jarriko dituen zirikatzailea, eta baita epaimahaia ere.
#Aupahashtaguztikirakurtzeitunjendiai idazten du ia hutsik egin gabe Manex Torrealdai usurbildarrak bere instagrameko kontuan. Lagun arteko txantxa batetik sortutako traola dela kontatu du, eta aitortu du, ahazten zaion aldiro badagoela norbait iruzkinetan mezua utzi eta traola jarri behar duela gogorarazten dionik.