Itxi

GURE HARIA

Tren geltoki ikusgarrietan geldialdia

ALOÑA BERAZA

Portugalgo tren geltokietan zehar egin dugu ibilbidea, gero Canfrancen ere egin dugu geldialdia eta Euskal Herriko bi geltoki ere aukeratu ditugu: Lasaokoa, eta Azpeitiko Tren Museoko geltokia.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Lasaoko tren geltokian egin dugu lehenengo geldialdia, bertako geltokia duela urtebete berreraiki baitu Euskotrenek. Barrualdea bisitatu dugu, lehenengo solairuan takilaren txokoa eta benetako sukaldea dagoela ikusi dugu, eta zurezko eskaileretan gora eginda hiru egongela eta komuna mantentzen direla baieztatu dugu. Museo modura prestatu dute geltokia, aste santutik aurrera ikusgai egongo baita publikoarentzat. Juanjo Olaizola historialaria, trenbideetako ikertzailea eta Azpeitiko Tren Museoko zuzendaria izan dugu bidelagun.

Asier Gogortza argazkilariaren eskutik egin dugu bidaia, aldiz, Portugalgo tren geltokietan barrena. Txikienetik, eta honezkero tren geltoki izaera guztiz galdua dutenetatik hasita, hirietan puntu turistikoenak direnetaraino. Errepasoa egin dugu Asierrekin, argazkilariak duela urtebete ateratako irudiak oinarri hartuta.

Canfrancekoa da Espainiar estatuko tren geltoki ikusgarrienetakoa, eta arkitektonikoki dituen ezaugarriak xehetu ditu Maier Velez arkitektoak. Frantzia eta Espainia elkartzeko sortutako proiektua izan zela kontatu du, eta kontrolerako aduana geltokiaren barruan zegoela, zati bat Espainiako poliziaren esku zegoelako, eta beste aldea Frantziako poliziarentzako.

Euskal Herrira itzulita, Baipasako bigarren geltokia Azpeitian izan dugu, Trenaren Museoan bertan. Juanjo Olaizolak geltokiari buruzko azalpenak eman dizkigu, eta geltoki izaera izateaz gain, bestelako instalakuntzak ere badirela esan du. Bisitatu ditugu Olaizolaren eskutik trenak gordetzeko biltegi moduko aparkalekua, erremintaz jositako lantegia eta baita energia sorgailuetako instalazioak. Tranbian igotzeko aukera izan dugu, eta hala egin dugu bidea lurrunezko trenera iritsi arte.

Audioak (1)