Gure haria
Aitor Arregi: "Plazera ematen dizun zerbait besarkatu egin behar duzu"
Lierni Ibargutxi | EITB Media
Ezkutuan entzuten ditugun kantak, ikusten ditugula aitortzen ez ditugun filmak... guilty pleasure deitzen ditugun horiek aldarrikatu ditugu gaur.
Enyak eta Julio Iglesiasek zer dute komunean? Bada, jende askorentzat guilty pleasure kategorian sartzen direla. Jende askok gustura entzuten dituen kantariak dira, baina, askotan ez dugu aitortzen gustatzen zaizkigula. Ez da Imanol Salaberriaren kasua eta ezta Lander Garrorena ere. Imanolek Enya txikitatik entzuten du eta gaur egun ere Watermark (1988) disko bere faboritoen artean dauka, eta guilty ez da sekula sentitzen Enya entzuten duenean. Ezta Lander Garro ere Julio Iglesias entzuten duenean. Idazleak gogoan du (eta ez ahazteko, gainera) 90eko hamarkada hasieran Julio Iglesiasen kontzertu batera joan zenekoa: "Ezagutu genuen fenomeno bat inoiz berriro ikusi ez dudana: areto bat lepo beteta, emakumez beteta, eta emakume guztiak exazerbatuak, exzitazio erabatekoan, garrasika eszenatokiari... nik nire bizitzan behin ikusi dut, egun hartan ikusi nuen".
Aitor Arregi zinegileak, berriz, "Baipasa"ren lehenengo denboraldian esan zigun bezala, plazeraren -kulparik gabeko plazeraren- aldeko aldarria egin du. Eta horixe egin Andrea Larrea OnEkineko nutrizionistak ere, janariaren eta elikaduraren arlora etorrita. Sakatu play eta entzun kontatu diguten guztia!