Etxebizitza problematika
"Etxebizitza politikek premisa bat dute: negozioa indartzea. Eta horrek indartu egiten ditu errentatzaileak"
Argi dago etxebizitzaren gaiak gero eta kezka handiagoa sortzeaz gainera, gero eta jende gehiago mobilizatzen duela. Horren erakusle izan dira Madril edo Bartzelonan egindako manifestazio jendetsuak. Euskal Herrian, abenduaren 14an egingo dute manifestazio Bilbon etxebizitza sindikatuek.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Etxebizitzaren gaineko kezka da euskal gizartearen bigarren buruhauste nagusia azken soziometroaren arabera. Osasunaren gainetik jarri da etxebizitzaren gaia azken galdeketan, eta lan merkatuaren inguruko kezkak baino ez ditu gainetik. 10 herritarretatik ia 4rentzat etxebizitzarena da Euskadik duen arazo nagusia.
Etxebizitzarekin lotutako arazoek gero eta kezka handiagoa ez ezik gero eta haserre gehiago ere eragin dute azken aldian. Madrilen edo Bartzelonan etxebizitza sindikatuek deitutako mobilizazio jendetsuek jarri diote neurria arazoari. Eta, Euskal Herrian ere horren erakusle izango da abenduaren 14an etxebizitza eskubidearen alde eta negozioaren kontra egingo den manifestazioa. 180 eragilek egin dute bat deialdiarekin.
Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek bat eginda deitu dute manifestazioa, eta Baipasan horiekin hitz egiteko aukera izan dugu. Euskal Herrian ere halako mobilizazio handi bat espero ote duten galdetuta, manifestazioaren aurreko lanetan gaiaren gaineko kezka nabari dutela esan digute, baina badirela desberdintasunak. Politikoa bata: "Euskal Herrian etxebizitza sindikatuen lanak ez duelako horren ibilbide luzea"; eta soziologikoa bestea:"euskal gizartean oraindik ere jabetza sistemaren gaineko konfidantza handia dagoelako". Nolanahi ere azpimarratu dute etxebizitzaren problematikaren gaineko kezka kalera ateratzeaz gainera, euren deialdiak baduela irakurketa bateratu bat, "etxebizitzaren desmerkantilizazioaren aldeko aldarria".