Itxi

Zipriztinak

Bioluminiszentzia

Arantxa Txintxurretak bioluminiszentzia ekarri digu oraingoan 'Ekosferara'.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Etxetik hurbil ditugun bi zuhaitz eder, maspasak baino zimelagoak ikusi ditut aurten. Batek, hosto lehorrak besterik ez ditu izan, uda osoan, eta besteak, hostorik ere ez. Ongi pentsatzea kosta egiten zaigu eta, baten batek pozoitu ote zituen galdetzen genion geure buruari. Eta orduan gure lagun Amaiak ikusi zituen, eta hona bere sententzia: 'Txintxu, horiek Armillariak jota daude'.

Uf, hitz handiak dira horiek. Armillaria lurrean bizi den onddo bat da, eta zuhaitzak akabatzea gustatzen zaio. Hura akabatzerik ez dago, ordea.

Armillariaren kontua serio hartu eta nondik eraso jakiteko informazio bila nenbilela, harritu nauen kontu bat aurkitu dut. Bioluminiszentea da; argia egiten duela, alajaina!

Ipurtargiek argia egiten dutena, hori gauza jakina da. Eta itsasoan marmokek, kalamareek. Krillak sortutako argia espaziotik ere ikus omen daiteke. Baina lurrazpian bizi den onddo batek zertarako nahi du argia, begirik ere ez du eta!

Bada, dirudienez, zientziaren argitu gabeko beste misterio horietako bat da, bioluminiszentziarena. Jakin badakite, bi konposatu nahastean sor dezaketela argia hainbat bizidunek, baina ikerlari batzuk diote harrapakinak erakartzeko dela; beste batzuk, harraparia usatzeko erabiltzen dutela; ipurtargiek bikotea aurkitzeko egiten dute argia; eta Armillariak intsektuak erakartzeko egiten omen du, teoria batek dioenez. Armillariak ez, baina intsektuek begiak dituzte. Intsektuak erakarrita, onddoaren esporak beste toki batera garraiatuko lituzke, eta horrela, Armillariak inguruko gainerako zuhaitzak maspasa bihurtzen jarrai lezake, teoria horren arabera.

Aldrebesa gero. Edo burutsua, argia, argia sortzeko gai delako.

Luziferina da bioluminiszentzia sortzeko bizidunek erabiltzen duten konposatuetako bat. Luziferina. Luziferren erro ber-berbera du hitz horrek. Inpernuko sua ote da zuhaitz horiek zimeldu dituenak!

Total, Armillaria akabatzeko zerbaiten bila hasi naiz, eta Armillaria miresten bukatu dut. Ez dut erremediorik.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)