Hizkuntza ekologoa
Hizkuntzek beste hizkuntzez diotena
Iñaki Ortigosa hizkuntzek alboan izan dituzten hizkuntzez ematen dizkiguten datuez mintzatu zaigu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Hizkuntzetan murgiltzean, ikerlariak haien iraganaren aztarnak aurkitzen ditu. Arkeologoak harri batean edo paleontologoak hezur batean bezala, horrela ikusten ditu hizkuntzalariak historiaren zantzuak hizkuntza batean. Nolako kontaktua izan zuten herri batzuk besteekin, esaterako. Hizkuntzak ez baitira isolaturik bizi. Elkarren inguruan ibiltzen dira, edo elkarrekin partekatzen dute lurralde bat, hiztunen buruetan, komunitateen funtzionamenduan joan-etorriak egiten, elkarrekin lehian eta elkarrekin nahasten, batzuk besteetan aztarnak uzten.
Halakoa izan zen euskara eta latinaren arteko harremana, Europako mendebaldeko edozein hizkuntza eta latinaren artekoak bezalakoa, milurte bateko kutsatze eta eboluzio historia.
Eboluzio haren historia agertzen zaigu hizkuntzen arteko harremanari esker, hizkuntza batek beste batean utzitakoari erreparatuz gero. Antzinako euskara nola ahoskatzen zen, esate baterako, latinak utzitako hitz batzuk esaten digute.
Har dezagun /F/ (efe) hotsa, adibidez: latinezko hitzetan oso ohikoa zen, eta orain arazorik gabe guk ere egiten dugu efe hura euskarazko “fama”, “funtzio”, “afari” eta hainbat hitzetan. Baina antzinako euskaldunentzat hots hori, efea, arrotza zen guztiz, ahoskaezina. Erromatarrek ekarritako hitzetan ikus daiteke hau: latinezko “formam” hitzetik “horma” hitza egin genuen, “faginam” hitzetik “hagina”, “ficum”, aldiz, “piku” bihurtu genuen, eta “fagum” “pago”. Hau da, orduko euskaldunek hain arraroa zitzaien efe hotsaren ordez antzeko bat jartzen zuten latindar hitz haietan. Batzuetan /f/ hura /p/ edo /b/ bihurtuko zuten, “fatum” hartatik gure “patu” egiten, “fortis” hartatik gure “bortitz” egiten; beste batzuetan, aldiz, hasperena irudituko zitzaien /f/ bitxi haren antzekoena, latinezko “filum” “hiru” eta “foveam” “hobia” bihurtuz.
Baina jakinbide hau noranzko bikoa da. Hizkuntza batek beste batetik maileguak hartzean garai hartako bere egoeraren berri emateaz gain emailearen berri ere ematen digu.
Horrela jakin dugu nola ahoskatzen zuten antzinako erromatarrek latin urrun hura. Orduko grabaziorik ez dugu, noski, baina garai hartan latinarekin kontaktuan zeuden hizkuntzak, tartean euskara bera, orduko ahoskeraren lekukoak dira. Zesar diktadoreak, adibidez, nola deitzen zion bere buruari, “Zesar”, zetaz? Gaztelaniaz, frantsesez, euskaraz ere, “Zesar” deitzen diogu, bai, baina latin mintzatuan gertaturiko eboluzioaren fruitu da ahoskera hau; bitartean, hizkuntza alemanak jatorrizkoaren lekukoa gorde du: “Kaiser”. Bai, /’kaesar/ deitzen zion Zesarrek bere buruari. “C” idazten zutenean /k/ ahoskera adierazten zuten beti. Latinaren inguruko hizkuntzetan murgilduz ezagutu dugu antzinako “c” letra haren ahoskera, beti /K/ bezala entzuten zena. Euskara ere ahoskera haren lekukoa da: erromatarrek salgaiak ekartzen zizkigutenean “merces” deitzen zieten, eta gaztelanian gero geratu diren “mercería” bezalakoak gorabehera, euskarak “merke” hitza gorde digu jatorrizko hotsaren ispilu: “merke”, kaz ahoskaturik, bai. Beste horrenbeste esan daiteke “bake” hitzaz, jatorrizko “pacem” haren isla hobea da gaztelaniazko “paz” hitza baino. “C” letrak /K/ hotsa zuen, eta latin zaharrarekin bizi ziren hizkuntzek azaltzen digute ondoen: gaztelaniazko “cereza” –k ez bezala euskal “gerezia” (gez) eta alemaniar “Kirsch” hitzek ematen digute latinezko “ceresia” hitzaren benetako ahoskera zaharra.
Hizkuntzen bizikidetza emankorra da, eta haien fruituak iraunkorrak, Zesarrak edo, nahi baduzue, Kaiserrak baino luzeago.