Hizkuntza ekologia
Hizkuntzek Historiaz diotena
Iñaki Ortigosak azaldu digu historia hizkuntzetan idatzirik gelditu dela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
1066. urtean Ingalaterrako koroa eskuz aldatu zen: Gilen Konkistatzaileak eramandako inbaditzaile normando, bretoi eta frantsesez osatu zen herrialdearen aristokrazia berria. Orduz gero, hango kargudun guztiak frantsesaren aldaera batez mintzatuko ziren. Herri xehearen hizkuntza, anglosaxoiera, ingeles modernoa bilakatuko zen pixkanaka, latinezko hitz kontaezinez hornitu ahala. Denbora luze batez, herritar apalenek jaun nagusientzako abereak haztean, beren jatorrizko hizkuntzazko izenak gordeko dituzte: 'pig', 'cow', 'sheep'... (txerria, behia, ardia...); jaun nagusien mahaietara heltzean, aldiz, txerrikia, behikia, ardikia hitz frantsesez izendatuko dituzte: porc, boeuf, mouton...
Gaur egungo ingelesak horrela bereizten ditu abereak eta haien okela: bizi diren bitartean 'pig', 'cow' eta 'sheep' dira; jatekoak direnean, 'pork', 'beef' eta 'mutton' dira. Hizkuntzak errealitate historiko sozial bat erakusten digu: herri anglosaxoiak abereak hazten zituen baina frantsesdun inbaditzaileek jaten zituzten.
Ederra da imajinatzea erromatar inperioren garaiko Euskal Herrira etortzen ziren merkatariak salgaia ozen aldarrikatzen: 'mercem, mercem!' (salgai, salgai!). Bertokoek 'merke' hitz hori berenganatu zuten prezio onekoa balitz bezala, eta 'salgai' hura, 'erosgai' bihurtu: merkataritzaren miraria! Badakigu antzinako Erromaren garaian etorri zitzaigula 'merke' hitz hura tartean duen /k/ hots horregatik, gero, Erdi Aroan, latindunak hots hori galtzen hasi ziren eta. Horrexegatik ere esan dezakegu 'bake' hitza erromatarrek ekarri zigutela, beren 'pacem' ('pax' hitzaren akusatiboa) honela ahoskatuta: kaz, Zesarrek, edo hobe Kaesarrek ahoskatzen zuen bezalaxe. Geroko eliza izan balitz hitz haren ekarlea, “bake” barik “batze” esango genuke seguruenik, 'gurutze' esaten dugun moduan.
Monty Python talde komiko ingeles mitikoak, beren 'Bryanen Bizitza' filmean galdera hau jartzen zuen pertsonaia erreboltari eta eszeptiko baten ahoan,: 'Zer egin du Erromak gure alde? Zer ekarri digute erromatarrek?' Geurean merkataritza eta bakea aipatzea ez litzateke oso zentzugabea, euskarak adierazten digunari kasu eginez gero. 'Merke' eta 'bake' lekuko.
Eta 'gerra'? Hau ere ez ziguten ekarri? Ez da hau ere latinaren, hau da, erromatarren ekarpena? Bada...ez. 'Gerra' hitz germaniarra da. Agian, historiazaleoi honek zer pentsatu ematen digu. Edonola ere, hizkuntzek Historiaz hitz egiten digute.