Ekologia Zipriztinak
Naturaren ezagutzaz
Ikerketa batek dio urrutikoa ezagunagoa zaigula inguruko basabizitza baino. Euskal Herrian, gehiago ote dakigu lehoiari buruz, muxarrari buruz baino? Hari horri tiraka aritu da Arantxa Txintxurreta.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Cambridgeko unibertsitateak 2002an egindako ikerketa baten arabera, Erresuma Batuko lehen hezkuntzako ikasleek gehiago ezagutzen zuten Pokemon, inguruko animalia eta landareak baino. Antzeko ikerketak egin dituzte herrialde desberdinetan, eta gehienetan emaitza bera da: urrutikoa ezagunagoa zaigu, inguruko basabizitza baino.
Eta, Euskal Herrian, joera bera ikusiko al da? gehiago ote dakigu lehoiari buruz, muxarrari buruz baino?
Galdera hori bera edo antzekoa izango zuen Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek buruan, gure gazteek inguruko animaliei buruz zer zekiten ikertzeari ekin zioten eta. Horretarako DBHko lehen mailako 1000 ikasle aukeratu zituzten, eta galdera-sorta egin zieten. "Animaliek ala landareek, zeintzuk pizten dizute interes handien?", "zerrendatu ezagutzen dituzun animaliak".
Galdera horien emaitzak ez dizkiote oraindik komunitate zientifikoari azaldu, baina maiatzaren 21eko ARGIA aldizkarian aurrerapena irakur daiteke.
Ondorioztatu dute, inguruarekiko dugun ezagutza geroz eta urriagoa dela. Naturatik aldentzen ari garela, geroz eta arrotzagoa edo ezezagunagoa zaigula. Bestalde, herri txikietako gazteek bertako animalia gehiago ezagutzen dutela, herri handikoek baino. Baina guztien artean, kanpokoak diren espezieak gehiago izendatzen dituzte, bertakoak baino. Hau da, ikerketa honen arabera, munduan ikusten den Naturarekiko ezezagutzarako joera Euskal Herrian ere badugu.
Lehoiak eta tigreak dira aipatuenak, eta hain ugaria eta hurbila den kattagorria, urtxintxa gutxien aipatzen da. Baina kattagorria pozik egon daiteke; izan ere, erlea, liztorra edo apoa ez ditu inork aipatu! Dirudienez, gure gazteak "handi" edo "arriskutsu" izateak erakartzen ditu. Bertakoak diren animaliarik aipatuenak otsoa eta hartza izan dira, eta horietxek ez dira ba, oso ugariak gure inguruan! Hori bai, jakingo balute bi espezie horiek zergatik dauden desagertzear, ni pozik nengoke.
Bestalde, ikasle horiek landareekiko azaldu duten interesa ikusita... erle, liztor eta urtxintxak, pozik egon zaitezkete! Ez dugu asmatzen, nonbait, landareak zein handi eta arriskutsu diren kontatzen, bestela, top 10ean leudeke!
Hezkuntzan omen dago gakoa, gure bazterrak ezagutzeko. Ikastetxeek eta helduok dugu ardura, beraz. Baina, horretarako guk geuk ikasi beharko dugu lehenengo, ezta? Nik hasi behar dut bada: informatikaria den lagun bati eskatuko diot azaltzeko, nola egin Pokemon ñiñimio bat, huntza erraldoi, itogarri eta arriskutsu baten gainean.
Umorez bizi, entzule.